🔴 AMURRIOKO UDALAK DIRU-LAGUNTZA KENDU DIO ESKUALDEKO EUSKARAZKO KOMUNIKABIDE BAKARRARI 🔴
📝 Eman atxikimendua eta babesa Aiaraldea Komunikabideari hemen sinatuta 👇
www.labur.eus/amurrioneuskarazbizinahidugu
📍 Ekainak 21, ostirala, AGERRALDI HERRITARRA Amurrioko Juan Urrutia plazan, 19:30ean.
Gaur bertan akordioa lortu dute fiskaltzak, akusazio partikularrak eta defentsak Lezamako Ezker Abertzaleko familia baten etxea tirokatu zuen polizia nazional ohiari hiru urte eta bederatzi hilabeteko zigorra ezartzeko.
Berez, zigorra ez da arina, baina, kontrakoa badirudi ere, akordioaren hiru aldeek ahalegina egin dute zigortuak kartzelan amaitu ez dezan. Horretarako, izan duten lehenengo arazoa izan da akusazioa bera oso larria zela, gerra armak biltegiratzeak zigor nahiko altuak ekartzen dituelako. Ondorioz, ezinezkoa zen zigorra betetzeaz automatikoki salbatuko zuen akordioa erdiestea. Izan ere, fiskaltzak ez du onartu delitu horregatik bi urte edo gutxiagoko espetxealdiarekin zigortzea, aurrekari arriskutsua izan ahal delako beste kasu batzuei begira, adibidez.
Gauzak horrela, argi geratu da hiru aldeentzat ia 80 urteko gizona ez kartzelaratzeko bide bakarra indultua eskatzea zela.
Berez, zigorra ez da arina, baina, kontrakoa badirudi ere, akordioaren hiru aldeek ahalegina egin dute zigortuak kartzelan amaitu ez dezan.
Oreka gertatutakoaren eta akordioaren artean
Hortaz, fiskaltzak, akusazioak eta defentsak ekin diote akordioa osatzeari, bakoitzaren interesak asetu nahian. Defentsaren helburua zen bidea prestatzea indultu bat errazteko, akusazioarena eta fiskaltzarena, aldiz, hori ez egitea errealitatearen kalterako. Hain zuzen, akusazioak adierazi du polizia ohia espetxeratzeko aginduaren kontra agertuko dela, baina gertatutakoa aitortu beharra dagoela.
Horrela, dokumentuaren erredakzioan eta epailearen aurrean akusatuak argi eta garbi onartu behar izan du apropos egin zuela tiro Ezker Abertzaleko familiaren etxera, eta ez nahi gabe. Izan ere, polizia nazional ohiak aitortu zuenean tiro egin zuela, aipatu zuen ez zela modu boluntarioan izan. Horrez gain, azpimarratu behar da erruduntasun adierazpen hori 2019ko urtarrilaren 10ean etorri zela. Hau da, tiroketatik lau egun pasa zirenean eta Ertzaintza bere etxea miatzera joan zenean. Finean, ez zela bera izan urratsa eman zuena gertakaria argitzeko, irtenbiderik gabe geratu zenean egin zuelako. Berez, ertzainak bi aldiz igaro ziren aurretik bere etxetik eta polizia ohiak ukatu zuen tiro egin izana, baina bere etxebizitza miatzeko operazioa martxan jartzen ari zela ikusita, jarrera aldatzea erabaki zuen.
Akordioa pikutara joateko zorian
Bere etxea tirokatua izan zen familiak eskuzabaltasunez jokatu badu ere, azken unean negoziazio guztia ezer ezean geratzeko zorian egon da akusatuaren burugogorkeriagatik. Zehazki, epaileak polizia ohiari galdetu dionean ados ote zegoen akordioarekin, honek erantzun du baietz, “baina egoera aintzat hartuta”.
Jarraian, zigortua saiatu da defendatzen arma gerrak ez zirela erabilgarriak (hau da, nolabait, errugabea zela). Gauzak hala, epaileak gogoratu dio hasierako eskaera hamahiru urteko espetxe zigorrekoa zela bere kontra, eta akordioaren bidez, hiru urte eta bederatzi hilabetean geratzen zela.
Orduan, akusatuak atzera egin eta aldeak adostutakoa onartu du.
Ezker Abertzaleko familia honek, hortaz, bere esku dagoena egingo du tirokatu zuen polizia ohia kartzelan ez amaitzeko.
Lezamako familiaren eskuzabaltasuna
Arestian azaldutakoaren ondoren, ezin da ukatu tiroa jaso zuen familiak eskuzabaltasunez eta mendeku gogorik gabe jokatu duela. Ankerkeria baztertuta, eta nahiz eta akusatuak ez duen inolako aitortza keinurik egin (bost urte izan ditu familiari barkamena eskatzeko eta ez du egin) hasieratik prestutasuna agertu dute bere kartzelaratzea ekiditeko. Are gehiago, negoziazioaren lehenengo fasean (gaur bertan izan dena) bi urteko espetxe zigorra onartzearekin ados egon dira, baina fiskaltzako burua izan da hori sinatzearen kontra egon dena.
Ezker Abertzaleko familia honek, hortaz, bere esku dagoena egingo du tirokatu zuen polizia ohia kartzelan ez amaitzeko. Jarrera hori azaldu du Txema Matanzasek (euren abokatua eta EPPKko abokatua), ez baitute uste kartzelak gizarteratzen duenik eta ez zaielako iruditzen inorentzat onuragarria izango denik ia 80 urteko gizonezko bat espetxeratzea.
Matanzasen aburuz, horrelako jarrerak eredugarriak izan behar dira justizia mendeku tresna ez izateko, beste askori (euskal preso politikoei erreferentzia ez horren ezkutua eginez) gertatzen eta gertatu zaien moduan.