Hiru urte eta bederatzi hilabeteko espetxe zigorra onartu du Ezker Abertzaleko familia baten etxea tirokatu zuen polizia nazional ohiak

Aitor Aspuru Saez 2024ko eka. 11a, 22:59

Polizia nazional ohia gaur goizean epaiketan. / Aiaraldea.eus

Akordioa adostu dute erasoa jaso zuen familiak eta erasotzaileak. Hiru urte eta bederatzi hilabeteko espetxe zigorra onartu du polizia ohiak eta indultuaren bidea hartuko du kartzela ekiditeko.

🔴 AMURRIOKO UDALAK DIRU-LAGUNTZA KENDU DIO ESKUALDEKO EUSKARAZKO KOMUNIKABIDE BAKARRARI 🔴
📝 Eman atxikimendua eta babesa komunikabideari HEMEN SINATUTA 👇

www.labur.eus/amurrioneuskarazbizinahidugu

📍 Ekainak 21, ostirala, AGERRALDI HERRITARRA Amurrioko Juan Urrutia plazan, 19:30ean.

Lezamako Ezker Abertzaleko familia baten etxearen kontra egindako tiroaren egiletza argitu behar zuen epaiketa akordioarekin amaitu da gaur. 09:30ean hasi behar zen Gasteizko epaitegietan, baina akordioa erdietsi dute fiskaltzak, defentsako abokatuak eta akusazio partikularrak. Negoziazio luzea izan da eta horren ondoren Lezaman bizi den polizia ohiak onartu du berak egin zuela tiroa eta hiru urte eta bederatzi hilabeteko espetxe zigorra ezarri diote, kalteak eragiteagatik (200 euro ordaindu beharko ditu) eta gerra armak biltzeagatik. Gainera, sei urtez eta bederatzi urtez armak edukitzeko debekua izango du.

Erabaki horrekin amaitu da bost urteko ibilbidea familiarentzat, baina ez, ordea, erasoaren egilearentzat,  indultua eskatu eta lortu beharko baitu espetxean ez sartzeko. Edonola ere, horren alde ere egin du akusazio partikularrak, zigortuaren adina aintzat hartuta (ia 80 urte ditu), besteak beste.

Polizia nazional ohiak indultua eskatu beharko du espetxeratzea ekiditeko

Gauzak horrela, polizia nazional erretiratuak bere gain hartu du 2019an tiro egin izana Lezamako Ezker Abertzaleko familiaren etxearen kontra, bizilagunak barruan zeudelarik, gainera.

Arma biltegia etxean

Gaur tiroaren ardura hartu badu ere, egun berean (hau da, 2019ko urtarrilaren 6an) eta hurrengoetan egileak ez zuen egindakoa onartu. Urtarrilaren 10ean, ertzainak etxea miatzera joan zirenean, akusatuak ez zuen ukatu tiroa egin izana eta gertakariari buruzko hainbat azalpen eskaini zituen. Jarraian, modu boluntarioan, agenteak gidatu zituen erabilitako armaren ezkutalekura: bere etxean zegoen zulo natural bat, harriekin estalitakoa. Star markako 9 milimetroko pistola luzea zen erabili zuen arma, eta akusatuak ez zuen hori izateko beharrezko baimenik.

Dena den, miaketa horretan eta aurreko egunetan egindako esku-hartzeetan Ertzaintzak arma biltegi handia aurkitu zuen. Besteak beste, bederatzi pistola topatu zituzten, horietako asko baimenik gabekoak edota erregistroa ezabatuta zutenak.

Familiaren balorazioa: lasaitasuna

Bere etxea tirokatua ikusi zuen familiak lasaitasunez hartu du prozesuaren emaitza. Azpimarratu dute justiziak zein zigortuak bost urte izan dituztela neurriak hartzeko, eta polizia ohiak denbora izan duela aurretik kontuak argitzeko.

Edonola ere, senideek positibotzat hartu dute epaiak frogatutzat jasotzen duela tiroa ez zela kasualitatez gertatu eta euren etxearen kontra apropos egin zuela, arrazoi politikoengatik, euren ustez.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide