Amurrion euskaraz bizi nahi dugu!

Aiaraldea Komunikabidearen kartelak kentzeko agindu zuzena eman du Amurrioko Udalak

Erredakzioa 2024ko eka. 19a, 18:55

Amurrioko Udalak espresuki agindu du kartel hau kentzea. / Aiaraldea.eus

Aiaraldea Komunikabideak hainbat iturriren bidez egiaztatu ahal izan du bere kartelak espreski kentzeko agindua eman duela tokiko erakundeak.

🔴 AMURRIOKO UDALAK DIRU-LAGUNTZA KENDU DIO ESKUALDEKO EUSKARAZKO KOMUNIKABIDE BAKARRARI 🔴
📝 Eman atxikimendua eta babesa Aiaraldea Komunikabideari, hemen sinatuta 👇

www.labur.eus/amurrioneuskarazbizinahidugu

📍 Ekainak 21, ostirala, AGERRALDI HERRITARRA Amurrioko Juan Urrutia plazan, 19:30ean.

Aiaraldea Komunikabidearen kartelak kentzeko agindu zuzena eman du Amurrioko Udalak. Komunikabideak lehen eskutik jaso du agindu horren berri, iturri ezberdinen bidez.

Jasotako informazioaren arabera, tokiko erakundeak mezu bat bidali die kartelak kentzeaz arduratu diren langileei. Mezu horrekin batera, komunikabideak jarritako afixetako baten argazkia erantsi dute, kartel zehatz hori (ez besteak) kendu behar zela zehaztuz.

Are gehiago, garbiketaz arduratu diren langileak ez dira mugatu kaleko espazio publikora. Komunikabideak jakin izan duenez, zenbait establezimendu komertzialetan zeuden afixak ere kendu dituzte.

Jasotako informazioaren arabera, tokiko erakundeak mezu bat bidali die kartelak kentzeaz arduratu diren langileei. Mezu horrekin batera, komunikabideak jarritako afixetako baten argazkia erantsi dute, kartel zehatz hori kendu behar zela zehaztuz.

Komunikabideak duela bi aste abiatu zuen atxikimendu kanpaina Amurrioko Udalak kendutako dirulaguntzaren berrezartzea eskatzeko. Hain zuzen, kanpaina horren nondik norakoak azaltzeko banatu dira kartelak eskualdean barrena. Amurrion iragan ostegunean jarri ziren lehenbiziko aldiz, eta biharamunerako gehienak desagertu ziren. Guztira, gutxienez bi aldiz egin dute Komunikabidearen kartelak soilik kentzeko garbiketa.

Horrez gain, iragan astean salatu bezala, Amurrioko Udalak beste hainbat baliabide publiko ere baliatu ditu Komunikabidearen mezuari kontra egiteko.

Agerraldi herritarra ostiralean

Ostiral honetan egingo da euskarazko komunikabideen aldeko “Amurrion euskaraz bizi nahi dugu!” agerraldi herritarra, 19:30ean Amurrioko Juan Urrutia plazan, udaletxearen aurrean. Ordubete lehenagotik, baina, haurrentzako jokoak egongo dira, toki berean. Agerraldi horretarako argindar hartune publikoa erabiltzeko eskaera egin zaio Udalari, baina tokiko erakundeak ez dio erantzun eskaerari.

Aiaraldea Komunikabidetik Amurrioko eta eskualdeko osoko herritarrei luzatzen diegu manifestua sinatu eta ostiraleko deialdira bertaratzeko deia. Asko da jokoan dagoena, Amurrioko Udalaren euskararekiko politika aldatu behar dugu.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide