Amurrion euskaraz bizi nahi dugu!

Amurrioko Udalaren atxikimendu kanpaina ere abian?

Txabi Alvarado Bañares 2024ko eka. 15a, 17:09

Atzo Amurrion jarri ziren kartel guztietatik gaur eguerdira arte biziraun duen bakarra. / Aiaraldea.eus

Euskarazko komunikabideen aldeko “Amurrion euskaraz bizi nahi dugu!” atxikimendu kanpainaren aurrean, Amurrioko Udalak ere bere fitxak mugitzeari ekin diola dirudi, baina kontrako norabidean, herriko elkarteekin bere atxikimendu erronda propioa eginez eta kanpainaren kartelak kenduz.

Astebete igaro da Aiaraldea Komunikabidearen aldeko atxikimendu kanpaina abiatu zenetik, Amurrioko Udalak kendutako dirulaguntza berrezartzea eskatzeko. 

Ordutik hona Amurrioko, Aiaraldeko zein Euskal Herriko makina bat eragile eta norbanakok egin dute bat euskarazko komunikabideen aldeko manifestuarekin. Baina oraindik ahalegin handia egin behar da atxikimendu kanpaina benetan indartsua lortzeko. Euskarari eta euskalgintzari lotutako aldarriak bigarren, hirugarren edota laugarren mailan egon dira askotan historikoki, eta kosta egiten zaie askotan beste gai sozial batzuek duten oihartzuna lortzea. Horregatik, beharrezkoa da ahaleginak biderkatzea, euskararen biziberritzearen premia lehen planora ekartzeko behingoz.  

Beraz, artikulutxo  honekin aurrera jarraitu baino lehen, SPAM mezu txiki bat Aiaraldeko herritarrentzat (eta Amurriokoentzat bereziki), bi puntutan: 

  1. Atxikimendua ez baduzu eman, hemen duzu horretarako aukera.
  2. Atxikimendua eman baduzu, zabaldu horretarako mezua zure lagun, lankide, senide eta bizilagunen artean (telefono bidez, sare sozialen bidez, ahoz aho…).

Hemen beheko bideo moloi hau ere baliatu dezakezue zuen kontaktuen artean zabaltzeko, nahiko modu sintetizatuan laburbiltzen baitu Amurrioko Udalak kenduta dirulaguntzaren aferaren soka luzea:

Eta, iragarkien tarte hau itxita, goazen printzipioz motza izan beharko lukeen artikulu honen mamira: 

Esan dugun bezala, astebete igaro da Aiaraldea Komunikabideak atxikimendu kanpaina abian jarri zuenetik. Amurrioko Udalak, bere aldetik, ez du mugimendurik egin gai honi dagokionez, ez publikoki behintzat. 

Berez, Udalak bide erraza dauka piztu duen gatazka amaitzeko, baina badirudi hori egin ordez, zubi guztiak erretzea erabaki duela eta, atzetik bestelako hariak mugitzeari ekin diola.

Azken asteetan hainbat bilera egin ditugu Amurrioko kultur eta kirol elkarteekin eta ehun sozial, ekonomiko zein politikoko ordezkariekin, dirulaguntzaren ezabatzearen afera azaldu eta atxikimendu kanpainaren nondik norakoak azaltzeko. 

Bien bitartean, Udalak entitate horietako askoren atea jo du bere bertsioa plazaratzeko (orain arte eman dituen argudio berdinen kopia-pega eginez, guk analisi nahiko luuuze batean desmuntatu genituen arren). 

Hemen kontatzen ari garena Benny Hillen eszena barregarri baten itxura hartu ahalko luke seguraski, atzean dagoena horren gai serioa izango ez balitz.

Horrez gain, azken egunetan kalera egin du salto euskarazko komunikabideen aldeko aldarriak. Atzo (osteguna), pintxopotea profitatuta, atxikimendu kanpainaren kartelak jarri ziren. Gaur, aldiz, ia kartelik gabe esnatu da Amurrio (Aiaraldekoak desagertu dira, besteek lortu dute, auskalo ze magia beltzaren ondorioz, irautea). Artikulu honen argazkian agertzen dena da biziraun duen afixa bakanetako bat. 

Eta horrela iritsi gara asteburura: Amurrioko talde eta elkarteekin bilerak egin… eta Udala atzetik. Kanpaina zabaltzeko kartelak jarri… eta Udala atzetik. 

Hemen kontatzen ari garena Benny Hillen eszena barregarri baten itxura hartu ahalko luke seguraski, atzean dagoena horren gai serioa izango ez balitz: Amurrioko Udalak dirulaguntza kendu diola eskualdeko euskarazko komunikabide bakarrari eta, gatazka konpontzeko bidea hartu ordez, komunikabidearen aldeko atxikimendu kanpainari kontra egitearen alde egin duela, horretarako baliabide publikoak xahututa. Eta "xahutu" diogu, ze nekez topatuko da beste gairen bat (eta Amurrion badaude serioak eta mamitsuak) zeinean Udalak horrenbeste denbora inbertitu duen bere jarrera azaldu nahian.

Aiaraldea Komunikabidetik argi dugu ez dugula Udalarekin gatazka amaigabe batean murgildu nahi. Ez dugu energiarik gastatu nahi inoren onurarako ez den tira-bira batean sartuta. Orain arte egin duguna egiten jarraitu nahi dugu: Amurrioko eta eskualdeko egunerokoaren berri euskara hutsez ematen, baita Amurrioko Udalaren jardunaren berri ematen ere, beti egin dugun bezala.

Hori egiten jarraituko dugu, orain arte bezala. Baina, horretarako, Udalak jarrera aldatzen ez duen bitartean, zure babesa berebizikoa zaigu; eta, horregatik (iragarkien eta SPAMaren tartera itzuliz) eman zure atxikimendua hemen.  

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide