Amurrioko kale garbiketako langileek daukaten gatazka ez da, momentuz, konpondu. Ondorioz, jarraitzen dute mobilizazioak egiten eta gaur, astero bezala, elkarretaratzea egin dute udaletxearen aurrean 10:00etan.
Aiaraldea Komunikabidea beharginekin mintzatu da gaur eta, adierazi dutenez, aukera errealistena da Pre-Zero enpresak uko egitea egungo kontratuari, baina ez dirudi hori egingo duenik. Izan ere, 150.000 euroko gordailua egin zuen lizitazioa irabaztean, eta zerbitzua bertan behera utziz gero, diru hori galduko luke. Diru horrek, aldi berean, Amurrioko Udalari aukera emango lioke inbertsioak egiteko garbiketaren esparruan.
Gogoratu beharra dago duela aste batzuk ekin ziotela langileek mobilizatzeari, enpresak adierazi baitie ez diela inolako soldata igoerarik egingo lan hitzarmen berrian, Amurrioko Udalaren kontratuak hori ez duela jasotzen argudiatuta.
Horrez gain, langileek gogoratu dute Pre-Zerok baldintza hori mantendu nahi duela kontratu osoan, hau da, sei urtez. Gauzak horrela, beharginen erosketa ahalmena izugarri murriztuko litzatekela azpimarratu dute.
Pre-Zerok ez ditu kontratuko ardurak betetzen, langileen aburuz
Halaber, garbitzaileek azpimarratu dute enpresak ez dituela behar beste giza baliabide kontratatzen lanak egikaritzeko: bajak ez ditu ordezkatzen eta oporrak ezta ere. Gainera, zenbait lan ez dira betetzen, kaleak baldez ureztatzea, adibidez.
Langileen ustez, horrek bide bat irekitzen dio Amurrioko Udalari egoera salatzeko eta kontratua kentzeko enpresari epaitegian, eta espero dute hori gertatzea.
Izan ere, arazoaren muina bada Pre-Zerok prezio beherakada handia egin zuela lizitazioan eta horrek ez diola tarterik ematen soldatak igotzeko eta etekinak eskuratzeko. Gainera, udal kontratuan ez dago klausularik horretara behartzeko.
Argazkiak: Asier Mardones