Bilera egin dute gaur goizean Tubos Reunidos enpresako zuzendaritzak eta langile batzordeak. Hitzorduaren arrazoia izan da konpainiak nahi duela enplegua erregulatzeko espedientearen iraupena handitzea, abenduaren 31ra arte luzatuta.
Gogoratu beharra dago 2009. urtetik enpresak zortzi espediente ezarri dituela eta egun indarrean dagoena martxoan hasi zela, iaz beste bat abiatu ondoren. Langile orori %50ean eragiten dio, salbu hotz unitatean daudenei, horien lanaldi murrizketa %25ekoa baita.
Luzapena denez, prozedurak bost egun iraungo du eta beste bi bilera aurreikusi dituzte, asteazkenean eta ostiralean, hain zuzen. Euren aldetik, sindikatuek gaur jasotako dokumentazioa aztertu beharko dute balorazioa egiteko.
Edonola ere, langileen ordezkariek gogoratu diote zuzendaritzari zenbait baldintza adostu zituztela egungo espedientearen kontrako salaketarik ez egiteko epaitegian eta, hau luzapena izanda, espero dutela adostutakoa mantentzea.
Zehazki, honako hau da adostu zutena:
- Tubos Reunidosek bermatuko du osagarrien bidez langileek hilero euren soldata gordinaren %83 jasoko dutela.
- Espedientearen ondorioz egunero lan egin ez arren, aparteko soldatak eta opor kopuru bera mantenduko dituzte beharginek.
- Espedientean daudenak lan egitera joan behar izanez gero, enpresak 48 ordu lehenago jakinarazi beharko die aldaketa hori.