Aurten ere indarkeria matxistari aurre egiteko ekimen ezberdinak burutuko ditu Mugimendu Feministak. Aspaldi sortu zuten prebentzioan, erasoen aurkako ekintza zuzenean eta horien erantzunean oinarritutako protokoloa, eta mugimenduko kideek kudeatu izan dute.
Halaber, duela urte batzuk Udalari jakinarazi zioten tokiko erakundeak ez zuela protokolorik, eta ez zuela horretan aktiboki parte hartzen ezta baliabiderik jartzen. Nahiz eta azken urteetan ekarpen txikiren bat egin duen, Amurrioko Emakumeon* Saretik protokolo propioa sortzea exijitu diote Udalari, eta, horrenbestez, tokiko erakundeak prozesu bat jarri du martxan aurten, herriko beste hainbat eragilerekin batera, jaietako erasoen aurkako protokoloa sortzeko.
Azkenean, hainbat faktorerengatik nahiko estu ibili dira denboraz eta, mugimendu feministak Aiaraldea komunikabideari adierazi dionez, protokoloa ez da haiek nahiko luketena bezain osatua. Hala ere, modu positiboan baloratzen dute Udalak urrats hori eman izana, eta adierazi dute euren asmoa dela protokoloa osatzen jarraitzea, ahalik eta eraginkorrena izateko. Era berean, Udalari eskatu diote dituen baliabide guztiak jartzeko jaietan eraso matxisten aurkako benetako oinarriak izateko.
Bitartean, jaiek guztiontzako espazio seguruak izan behar dutela aldarrikatzen jarraituko du mugimendu feministak. Beste urte batzuetako dinamikari jarraikiz, hainbat baliabide egongo dira euren esku, baina Udalak berak ere, bere protokoloaren baitan adostutakoarekin bat egiteko, eragileak material ezberdinez hornituko ditu.
666 167 220 izango da eraso matxistak salatzeko telefonoa
Aurten ere, 24 orduz arreta eskaintzen duen telefono zenbakia egongo da eskuragarri (666 167 220). Emagin elkartearen eskutik emango da arreta, eta egunean zehar Amurrioko Udaleko berdintasun-teknikaria ere egongo da. Jai giroan dagoen mugimendu feministako kide batek, gainera, koordinazioa bermatuko du egunean zehar.
Txosnagunea, espazio segurua
Txosnagunean oinarri feminista batzuk bermatuta egongo direla adierazi dute mugimenduko kideek. Izan ere, Otsemeak taldea txosnagunearen eragileetako bat izanik, bai musikaren aldetik, bai barran eta bai espazioaren kudeaketari dagokionez, oinarri horiek finkatuta egotea ziurtatuko dute. Era berean, txosnagunean erasoren bat egonez gero, beste eragileekin batera erantzun zuzena emango dute.
Txosnaguneaz harago joatea da Udalak prestatutako protokoloaren helburua. Horretarako kuadrillak parte aktibo bihurtu nahi ditu, eta txupinazoaren egunean, abuztuaren 12an, jaien aurkezpen hitzaldian bertan aldarrikatzea jaiek guztion gozamenerako espazioak izan behar dutela eta ez dela inolako erasorik onartuko.
Hori baino lehen, ordea, Jai Herrikoien egitarauaren barne, Akelarrea egin zuten neska* gazteek ostiralean. Horrela, ekimen aldarrikatzaile eta interpelatibo horrekin eman diete hasiera jaiei, lehen momentutik argi uzteko guztiontzako jai seguruak izan behar dutela, eta horrela izateko lan egingo dutela.
Erasoen aurrean
Jaietan zehar erasorik gertatuz gero, beraz, mugimendu feministak eskuragarri jarri duen telefono zenbakira dei daiteke, salatzeko zein zalantzak galdetzeko. Gainera, txosnagunean mugimendu feministako kide arduradunak egongo dira jaietako egun guztietan, eta haiengana gerturatzea besterik ez da egin behar gertatutakoa azaldu eta salatzeko eta haiek berehalako neurriak jarriko dituzte. Gainera, kuadrilletako hainbat kiderengana ere jo ahal izango da, eta entzuteko eta erantzuteko prest egongo dira.
Jaiei begira
Amurrioko mugimendu feministak positiboki baloratzen du protokoloa osatzen kuadrilletako ordezkari batzuk egon izana. Izan ere, haien aburuz, jaietako agente aktiboenak dira kuadrillak eta haiek dute benetan eraldatzeko aukera. Beraz, uste dute oso garrantzitsua dela kuadrillek ere euren gain hartzea diskurtso feminista, helarazteko ez dela inolako erasorik onartuko eta jai feministak aldarrikatzeko.