Irailean itzuliko da Amurrioko Nagusien Kontseiluaren adinekoen jantoki sozialaren egitasmoa, bizilagun nagusi askoren bakardadea arintzeko helburuarekin.
Jantokia astelehenetik ostiralera egongo da zabalik, Jubilatuen Klubeko jaiegunetan izan ezik. 2023ko azaroan inauguratu zenetik aurtengo uztailera arte 20 pertsona baino gehiagok erabili dute, eta 1.760 otordu eman dituzte orotara.
2023ko udaberrian abiatu zuen Amurrioko Nagusien Kontseiluak nagusientzako jantoki sozialaren proba pilotua. Duela 5 urte, kontseilu moduan lan egiten hasi zirenean, Udalak eginiko inkesta batzuk ikusi zituzten, 65 urtetik gorako herritarrei eginikoak. Galdetegi horien emaitzek “harridura” sortu zuten kontseiluko kideen artean, ikusi zutelako uste zutena baino jende edadetu gehiago bizi dela bakardade egoeran eta elikadura maila desegokiekin. Orduan bururatu zitzaien jantoki sozialaren ideia, bi helburu asetzeko: “Isolamendu egoeran dauden nagusiek harreman sozial politez eta otordu osasuntsu batez gozatu ahal izatea”.
Proba pilotua eta gero, iazko azaroan inauguratu zuten jantokia. Zerbitzuaren balorazioa oso ona denez, eta erabiltzaileen %100ek jarraitzeko interesa agertu dutenez, irailean abiatuko da berriro egitasmoa. Erabiltzaileen %65a dira emakumezkoak eta %35 gizonezkoak.