Mendiko Eskolako gurasoek ere salatu dute garraioarekin arazoak dituztela

Aitor Aspuru Saez 2024ko ira. 11a, 15:00

Mendiko Eskola, artxibo irudi batean.

Orozkoko hainbat ikasle bezala, taxi batek garraiatzen ditu amurrioarrak Mendiko Eskolara.

Mendiko Eskolako zortzi umeren familiak Orozkon bizitzen ari diren egoera berean daude. Hau da, euren eskola garraioko linean ez dago autobusik eta Hezkuntza Sailak taxi zerbitzua kontratatu du haurrak ikastetxera eramateko.

Ibilgailuak, ordea, sei plaza baino ez ditu eta, ondorioz, bi bidaietan eramaten dituzte Administrazio Batzarreko eta herrigunetik urrun dauden auzoetako adingabeak. "Ez gaude soilik autobusik gabe, begiralerik gabe ere bagaude, gainera. Bidaian ez dago begiralerik", salatu du familietako batek.

Autobus bidaiak begiralerik gabe egiten dituztela ere salatu du gurasoetako batek

Gauzak horrela, umeak bi taldetan heltzen dira Mendiko Eskolara eta lehenengoak ordu erdi inguru itxaron behar du, begirale batekin.

Edonola ere, gurasoek azpimarratu dute eguraldi euritsua egonez gero, begiraleak ezingo dituela ume horiek zaindu, eskolara helduko direnak laguntzeko beharra izango baitu. "2 urteko gelako irakasleek hartu dute konpromisoa kasu horietan euren klaseetara sartzeko, baina borondate onez hartutako neurria izango da. Ez da benetako konponbidea izango", aipatu dute familiek.

Horrez gain, adingabeen senideek adierazi dute ez dutela inolako informazio ofizialik garraioari buruz, eta ez dakitela zergatik aurten ez duten autobus zerbitzurik.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide