Orozkoko ikastetxe publikoetako ikasleen senideek salatu dute arazoak dituztela garraioarekin

Aitor Aspuru Saez 2024ko ira. 10a, 12:30

Laudio Institutuko Orozkoko hainbat ikaslek ordubete galtzen dute egunero itxaroten. / Aiaraldea.eus

Garraio arazoak dituzte Orozko Eskolako zein Laudio Institutuko Orozkoko zenbait auzotako ikasleek, ez baitago autobusik.

Iaz bezala, Orozko Eskolako eta Laudio Institutuko zenbait ikaslek arazoak dituzte ikastetxeetara joateko orduan, autobusik ez dagoelako. Gazte horiek udalerriko auzunetan bizi dira eta bi oztopo mota topatu dituzte, Hezkuntza Sailak oraindik ez dituelako euren lineatan garraio enpresak kontratatu.

Orozkoko Eskolako haurrei dagokienez, guraso batek salatu du igandean bertan jakin izan zutela ez dagoela, iaz bezala, autobus bat udalerriko auzunetan bizi diren bederatzi umeei zerbitzua emateko. Antza, taxia eskainiko diete, baina momentuz zerbitzu hori ez da heldu eta gurasoek eurek garraiatu behar dituzte hezkuntza zentrora. Halaber, orozkoarrek ez dute jakinarazpen ofizialik egoerari buruz.

Horrez gain, familiek kritikatu dute taxiak ezin dituela ume guztiak aldi berean hartu, ez duelako plaza nahikorik. Hortaz, adingabeak bi bidaietan heldu behar dira eskolara. Horrek esan nahi du batzuk oso goiz heltzen direla ikastetxera eta ordu erdi inguru egon behar direla han itxaroten. Itzuleran, aldiz, kontrakoa gertatzen zaie; ordu erdi edo gehiago itxaron beharko dutela eskolan etxera joan ahal izateko.

Gauzak horrela, senideek exijitu dute autobus zerbitzua berriro ezartzea, iaz bezala.

Laudio Institutuko Orozkoko hainbat ikaslek ordubete galtzen dute egunero itxaroten. Horrez gain, Orozkoko auzune batzuetako haurrek ez dute garraiorik eskolara jaisteko, eta momentuz gurasoek hartu behar izan dute lan hori

Laudio Institutuan ere arazoak

Laudio Institutuan ere antzeko oztopoak salatu dituzte. Ikastetxeko zuzendaritzak arazo bera eta gehiago topatu zituen pasa den astean.

Alde batetik, Hezkuntza Sailak kontratatutako autobusa nerabeak garraiatzeko Orozkoko herrigunetik Laudiora ez zuen plaza nahikorik. Ibilgailuak 55 eserleku inguru zituen eta ikasleak 60 baino gehiago dira. Laudio Institutuko zuzendaritzaren kudeaketen ondorioz, arazo hori konpondu zuen Hezkuntza Sailak.

Bestalde, Orozkoko auzoetako hamahiru ikaslek taxiz joan behar dute ikastetxera. Ibilgailuak zortzi plaza baino ez dituenez, batzuk oso goiz heltzen dira institutura eta ordu erdi inguru daude barruan klaseak hasi arte. Behin klaseak amaituta, jadanik ordu erdi itxaron dutenek, beste ordu erdiko itxaronaldia dute. Izan ere, euren auzoak dira hurbilenak, eta aldrebez eginda, bidaien prozesu osoa luzeagoa litzateke.

Institutuaren kasuan ere, iaz linea horri autobus txiki batekin ematen zioten zerbitzua. Gurasoek zein zuzendaritzak dakitenez, enpresek ez dute prestutasunik agertu ibilbide hori euren gain hartzeko, azken urteetan Hezkuntza Sailaren eta garraio enpresen artean izandako talken ondorioz.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide