
Amurrio Kros lasterketako antolatzaileek saria jasoko dute ADOC elkartearen aldetik, gaur 20:30ean Ciudad Realeko Pedro Muñoz udalerrian. Hainbat kirolariren, entrenatzaileren, hedabideren eta probaren lana aitortuko dute ekitaldian.
Horien artean dago Amurrio Krosa. Alegia, elkarteak goraipatuko du lasterketa horrek sei urte eskasetan izandako goranzko bilakaera, aurten Nazioarteko Krosa izango baita. ADOCen ustez, proba bultzatzen duen kirolzale taldeak (Pablo Mas buru duena) lortu du aurreko edizioetan egindako lanarekin Arabako Foru Aldundia konbentzitzea babesa eman diezaion.
Pablo Masek, hain zuzen, oso positiboki baloratu du aitortza: "ADOCen sartu ginen iaz hazten jarraitzeko, elkartean parte hartzeak abantailak dituelako eta, adibidez, aurtengo krosa telebistan eskainiko dute". Espainiako Estatuko hamalau proba-antolatzailek osatzen dute elkartea.