Aztarna Etnografia Elkartea etengabeko lanean dabil buru-belarri. Tokiko historia, ohiturak, kultura edota hirigintza lantzen ditu aldiro argitaratzen duen aldizkariarekin, baina hori ez da jorratzen duen esparru bakarra. Izan ere, Onomastika Jardunaldiak prestatu dituzte noizbait eta etnografia jardunaldiak abiatuko dituzte gaur 19:00etan Katekesi Aretoan.
Aurtengo gonbidatuak Juan Manuel Perez de Ana, Carlos Ortiz de Zarate eta Sergio Escribano izango dira, bakoitza esparru batean adituak.
Perez de Ana biologoak inauguratuko du gaur hitzaldi-sorta. Aiarako naturari buruz mintzatuko da ikuspegi historikoa baliatuta. Gogoratu beharra dago zientzia gizonak urte luzez lan egin duela erakunde publikoetan eta eskualdea oso ezaguna dela berarentzat.
Bihar Carlos Ortiz de Zarate apaizaren txanda helduko da. Aiarako hileta-erritualak izango ditu berak hizpide.
Azkenik, Sergio Escribano EHUko irakasleak eta historialariak Ermualdek gordetzen dituen sekretuen berri emango du. Izan ere, Escribanok hainbat urtez ikertu zuen ingurunea.