Amurrioko udal osoko bilkuran EH Bilduko bi zinegotzik baino ez zuten parte hartu iragan astean (bozeramaileak eta liberatuak), kritikatzeko udalbatzek, euren aburuz, ez dutela edukirik eta ez dagoela inolako eztabaidarik. Ekimenak udal gobernu taldearen erantzuna jaso du gaur prentsa ohar bidez. EAJk eta PSE-EEk gogor kritikatu dute oposizioak egindakoa.
Hala adierazi dute gobernuko bi talde politikoek: "batzorde eta osoko bilkuretara joateagatik dagozkien dietak kobratzeari uko egitea iradokitzen diegu. Agerian geratu da beraiek egindako lan eskasa eta Amurrioko biztanleriaren zerbitzuen hobekuntzetarako proposamenak egiteko adierazten duten gaitasun falta".
Hitz gogorragoak ere izan dituzte EH Bilduren zinegotzientzat: "Zer eskeintzen dio EH Bilduk gure udalerriari? Zertarako joaten dira udal batzorde eta osoko bilkuretara, proposamenik ez badute? Amurrioko herritarrek merezi dute EH Bildu Amurrio bezalako erakunde politiko bat? Osoko bilkuran aurkezten diren eztabaida eta ekimenetatik kanpo dagoena. Onartuko ez duguna da, beraien gezur etengabeak, errespetu faltak eta jarduera lotsagarriak, udal batenak baino eskolaurre batekoak".
Jeltzaleek eta sozialistek aipatu dute Amurrion ez dagoela oposizio politikorik eta EH Bilduk zazpi ekimen baino ez dituela aurkeztu legealdi honetan.
Osteguneko udalbatza
Halaber, EAJk eta PSE-EEk urriaren 31n egindako udal osoko bilkuraren laburpena eskaini dute: "adierazi nahi dugu osoko bilkura horretan minutu bateko isilunea planteatu zela Espainiako sortaldean izandako gertaera larriengatik, Valentzia, Albacete eta Cuencako herri asko suntsitu dituen DANAren ondorioz. Guzti horrek hildako asko ekarri ditu. Halaber, Amurrioko Udalak gai honetan nola jokatuko duen azaldu zuen, hondamendi honen ondorio larriak arintzen lagunduko duen laguntza emanez eta, zehazki, erabilgarri dauden baliabideak ekonomikoki mugiaraziz. Era berean, Amurrioko Udalak 2024ko hirugarren hiruhilekoan egindako fakturen ordainketaren berri eman zen, eta azken osoko bilkuratik gaur arte, sinatutako hogeita hemeretzi alkatetza-dekretuen berri ere eman zen. EH Bilduko ordezkariek ez zuten galderarik egin eta azken osoko bilkuratik Tokiko Gobernu Batzarretan hartutako erabakien inguruan ere ez zuten ezer galdetu. Azkenik, osoko bilkuran zeuden udal ordezkari guztiei, Aiaraldeko Pentsiodunen mugimenduak sinatutako ekimenaren berri helarazi zitzaien. Izan ere, aldirietako C3 linean mugikortasun urriko pertsonentzat egokitutako trenak jartzeko emango dituzten hurrengo pausuak adierazi zituzten".
EH Bilduko bi kidek parte hartu zuten iragan osteguneko Udal Osoko Bilkuran
EH Bilduren plantoa
Bere jarduera azaltzeko, Amurrioko EH Bilduko Jon Berganza bozeramaileak iritzi artikulua argitaratu zuen asteburuan.
Testuan argitu zuten, euren aburuz, udalbatzek ez dutela edukirik eta gero eta laburragoak direla: "Udalbatzetako eduki falta hau azaltzeko bi arrazoi baino ez zaizkigu bururatzen. Lehenengoa da, Amurrio bezalako 10.000 biztanleko udalerri batean erabakitzeko gai garrantzitsurik ez dagoela uste izatea (nahiz eta, etxebizitza, hizkuntza-politika, trantsizio energetikoa, eta beste hainbeste puri-purian egon), eta bigarrena, azken udal-hauteskundeetan EH Bilduren aldeko botoa aukeratu zuten 1.847 amurriotarren ahotsa eta gogoa zokoratu nahi izatea. Biek dute larritik. Zein baino zen mingarriago eta iraingarriago. Hori dela eta, azken udalbatzan, protesta gisa, (...) bi lagun baino ez ginela joango erabaki genuen: Nekane Martinez Ormaetxea, liberatu gisa dietarik kobratzen ez duena (gogoratu behar da gainontzeko zinegotzion dieta 300 eurokoa dela iraupena edozein dela ere) eta ni neu, bozeramaile gisa".