Gorobel Ibilaldia atzean utzita, Mendi Jardunaldien edizio berri bat antolatuko du Mendiko Lagunak taldeak, azaroaren 10etik 16ra. Lau hitzorduk osatuko dute egitaraua, eta alpinismoarekin lotutako hitzaldi eta proiekzioak eskainiko dituzte.
SOS Himalaya Fundazioa
SOS Himalaya Fundazioak emango die hasiera aurtengo Mendi Jardunaldiei, datorren azaroaren 10ean, 11:00etan Amurrio Antzokian.
Iñaki Ochoa de Olzak Nepal, Pakistan eta Indian abiatutako kooperazio proiektuei segida eman eta alpinista nafarraren memoria gordetzeko asmoz sorturiko proiektua da SOS Himalaya. Fundazioak ospitaleak edota eskolak altxatu ditu munduko mendirik altuenak dituzten herrialdeetan, bertako haurrak laguntzeko helburuarekin. Elena Sagasta koordinatzaileak azalduko ditu proiektuaren nondik norakoak igandean.
Gainera, Mendiko Lagunak taldeak aurtengo Gorobel Ibilaldiko izen-emateen diruaren zati bat bideratuko du egitasmoa finantzatzera. Hain zuzen ere, izen-emate bakoitzeko bi euro baliatu dira SOS Himalaya Fundazioa laguntzeko.
Fundazioaren lana azaltzeaz gain, La Voz de Iñaki dokumentala proiektatuko dute Amurrio Antzokian. Iñaki Ochoa de Olzaren bizitza du hizpide ikus-entzunezkoak:
Mendi abentura gehiago
Mendi Jardunaldien hitzordu maratoia, ordea, datorren astean izango da. Hiru egunez, azaroaren 14tik 16ra, mendizaletasunaren etxea bilakatuko da Amurrio Antzokia, 19:00etatik aurrera.
Azaroaren 14an, osteguna, Jacako Adeban emakume mendizale taldeak Aconcagua en femenino proiektua aurkeztuko du; 50 eta 74 urte bitarteko hamar emakumek Aconcaguara egindako espedizioa hizpide.
Azaroaren 15ean Groenlandiara egingo dute jauzi jardunaldiek. Maialen Rojoren eskutik, Abriendo Camino Vol II. Groenlandia proiektua aurkeztuko dute, zazpi alpinistek Mithy Cricusera egindako espedizioa kontatuz.
Azkenik, Mendi Jardunaldiak agurtzeko, Pakistaneko Kharut II mendira eginiko lehen igoera arrakastatsuaren nondik norakoak azalduko ditu Koldo Zubimendik. Karakorum mendikatean dago Kharut II mendia. Lau espediziok huts egin zuten gailurreraino iristeko ahaleginean, harik eta 2023ko udan Koldo Zubimendi alpinistaren taldeak tontorra zapaltzea lortu zuen arte.