Astebeteko elkartasun bilketa egin ostean Urduñan (Urioste tabernaren bitartez) eta Amurrion (Etorkizuna Klubarekin eta Eskautekin, besteak beste), Gorka Llano garraiolariak hiru kamioi bete eta Valentziara jaitsi zituen ostiralean.
Larunbatean heldu ziren eta hango elkarte andaluziar baten lokaletan deskargatu zituzten bi kamioi eta beste bat Chivasera bidali zuten. Gero, garbiketa produktuak, janaria, arropa... banatzeari ekin zioten.
"Poligono batzuetan egin dugu deskarga eta gero eremu kaltetuera eraman dugu laguntza furgoneta batekin. Etxez etxe egin dugu. Egoera ulertzeko modu bakarra da jaistea. Pantailan ikusten dena eta hau bestelakoa da. Hau surrealista da. Goizeko bederatzietatik aurrera kalea jendez beteta zegoen. Boluntarioak elkarlanean, lokatza etxeetatik ateratzen... Pantailan ikusten duguna", adierazi zion Gorka Llanok Aiaraldea Komunikabideari larunbatean.
Estaturik gabeko gunea
Gorka Llanok eta berarekin joan direnek aipatu dute bi errealitatek txunditu dituztela. Lehenik eta behin, erakundeen falta: "Ez dago kontrolik, herriak antolatzen du dena, ez udalek, ez beste inork. Ez dugu suhiltzailerik ezta poliziarik ikusi. Suhiltzaile kamioi bakarra agertu da eta hau 33.000 laguneko herria da. Eta dena dago txikituta".
Kalte psikologikoak
Edonola ere, suntsipenaz gain, herritarren egoera psikologikoa azpimarratu dute aiaraldearrek. "Hiru lagunekin hitz egin dugu eta negarrez hasi dira. Dena galdu dute: tabernak, tailerrak, autoak, lanbideak, etxeak... Hori da errealitatea. Kalte fisikoak daude, baina psikologikoak oso handiak dira. Surrealista iruditu zaigu."
Etxez etxeko banaketa
Andaluziar elkarteko poligono batean produktuen banaketa egin badute ere, aiaraldearrek eremu kaltetuetara jo zuten eta han topatu zuten dena galdu duen jendea: "Familia baten etxean egon ginen eta ez zuten ezer. Eta ez zuen ezer eskatzen. Kasu batzuetan jendeak ez du laguntzarik nahi, edo ez du onartu nahi, baina ematen diezunean, hunkitzen dira. Lurrean zeuden koltxoi batekin eta ez zuten mantarik ez ezer. Gainera, tailer mekanikoa zuen familia horrek eta dena galdu dute".
Larunbatean bertan itzuli ziren
Gorka Llano eta berarekin joan zirenak garraiolari profesionalak direnez, larunbatean bertan itzuli ziren, 24 orduko atsedenaldia bermatzeko lanean hasi baino lehen. Bide batez, Gorka Llanok azpimarratu du ezingo lukela egindakoa berak bakarrik burutu, eta nabarmendu du Amurrion eta Aiaraldean mugitu diren boluntario ororen lana, bai bilketan, zein Valentziara joaten.