Euriteek Valentzian eragindako biktimak laguntzeko elkartasun ekimenak biderkatzen ari dira Aiaraldean. Ostiralean Amurriotik abiatu zen bilketa bat, larunbatean hurrengoa, atzo ere egon zen beste bat eta aste honetarako beste bi aurreikusi dituzte.
Alde batetik, Orkatz Basolanak enpresak bere makinak eramango ditu Catarrojara. Euren asmoa da bideak irekitzea boluntarioen lana errazteko. Apurka-apurka joango dira bihar, eta 03:00ak aldera aterako dira kamioia eta kargarako makina. Aiaraldeko herritarrek egindako dohaintzak eramango dituzte eta laguntza eskatu dute erregaia ordaintzeko. Horretarako ekarpena egin daiteke Bizum bidez, 657 701 117 telefonoan. Hirian ere Urioste Taberna bilketa egiten ari da.
Horrez gain, Amurrioko El Rinconcito tabernan ere materiala biltzen ari dira, zerbitzari bat (larrialdietako teknikoa dena) Valentziara jaitsiko baita beste aiaraldear batekin, asteartetik ostegunera bitartean, Espainiako Gobernuak egindako deiari erantzunez. Bi furgoneta gidatuko dituzte eta beste bi ibilgailu alokatuko dituzte garbiketa produktuak edota janaria garraiatzeko. Gaur 22:00ak arte ekarpenak egiteko tartea egongo da tabernan bertan.
Amurrion, bestalde, Gorka Llano garraiolariak ere bere lokala eskaini du eta bilketa egiten ari da. Zehazki, Aldaturriaga Poligonoan 10-13 zenbakian. 09:00etatik 17:00ak arte egin daitezke dohaintzak.
Amurrion beste ekimen bat ere badago abian. Reforren jasoko dituzte laguntzarako produktuak ostiralera arte arratsaldez, 16:00etatik 21:00ak arte, hain zuzen. Mantak, ume, helduen eta animalientzako janaria, maskarak, botak, gel hidroalkoholikoa, eskuko argiak, bateriak, palak... eskatzen ari dira, besteak beste.