
Aniztasun funtzionala duten pertsonei mendiko jarduerak egiten laguntzea du helburu Ezina Ekinez Egina elkarteak. 2023. urtean sortu zuten eta hainbat mendi ekintza egiten dituzte eskualdean.
Azaroaren 2an Babiora mendi irteera egin zuten. 10 kilometroko ibilbidea izan zen eta aniztasun funtzionala duten bi pertsonek parte hartu ahal izan zuten, Joëlette aulkiarekin eta norabide-barrarekin. Igoeran 50 pertsona inguruk parte hartu zuten guztira.
Amurrioko Arte Eskolarekin eta Aiarako Udalarekin batera antolatu zuten txangoa. Tontorrean bertako hesia margotu zuten Arte Eskolarekin batera, eta Aitor Aspuru trikitilaria ere egon zen giroa alaitzen. Ekintza hau urtero egiteko asmoa dute.
Ezina Ekinez Egina elkarteak abenduaren 23ko Babioko igoera solidarioan ere hartzen du parte, pertsona orok izan dezan aukera tontorrera igotzeko.