“Ez duzu ezer esango, ezer ez esatea aholkatu digute”. Hala erantzun dute Amiantec 3000 enpresako nagusiek, erreportaje honetarako adierazpenik egin nahi ote zuten galdetzerakoan.
Mohamed Lazraq Amurrioko enpresa horrentzako lanean ari zen iragan urriaren 15ean Loiuko GECSA Conductores y Conexiones Especiales S.A. fabrikako sabaitik erori zenean. Urduñako bizilagunaren heriotzak azalera atera zituen Amiantec 3000 lantegiko lan baldintzei buruzko zenbait informazio. LAB sindikatuak, adibidez, adierazi zuen enpresaren aurkako salaketa jarri zuela Lan Ikuskaritzan duela urtebete.
Aiaraldea Komunikabideak Amurrioko enpresa horretako hainbat langile ohirekin hitz egin du. Guztiak aritu ziren garai berean lanean. Denek mantendu nahi izan dute anonimotasuna, baina oso antzeko gauzak plazaratu dituzte lantegi barruan bizitakoen inguruan.
2006. urtean sortu zen Amiantec 3000. Amurrioko Aldaiturriaga kaleko pabiloi batean kokatuta dago, egoitza fiskala berez Artziniegan duen arren. Lantegi txikia da. Erreportaje honetan parte hartu duten langileak bertan aritu ziren garaian zortzi pertsona inguru zeuden guztira enplegatuta, behargin ohiek eurek Aiaraldea Komunikabideari azaldu diotenez.
Formaziorik gabe
Bere izenak iradokitzen duen bezala, amiantoa kentzeaz arduratzen da Amiantec 3000. Mineral hori oso erabilia izan zen XX. mendean, eraikuntzaren sektorean bereziki, oso isolatzaile ona zelako. Baina Espainiako Estatuan erabat debekatu zen 2001. urtetik aurrera, materialaren zuntzek birikietako minbizia eragiten dutelako. Testuinguru horretan sortu ziren amiantoaren erretiratzean espezializatutako konpainiak.
Enpresa horiek segurtasun neurri ugari jarraitu behar dituzte minerala eraikinetatik kentzerako orduan, baina Amiantec 3000k ez ditu arau horiek behar bezala aplikatzen, langile ohien hitzetan.
Formazio falta da mahai gainean jarri duten gabezietako bat. Enpresan sartu zirenean, behargin gehienek ez zekiten ezta amiantoa zer zen ere (ezta zer eragiten zuen), eta bertan lanean aritu ziren denboran zehar ez zuten inolako formaziorik jaso gaiaren inguruan, legeak horretara derrigortzen duen arren. Hala azaldu du R.Rk (izen asmatua): “Amiantoa kentzeko ikastaroa aterata genuela esaten ziguten, ezertxo ere egin ez genuenean. Eurek ateratzen dute ikastaroa, zuk ezer egin gabe, nola egiten duten ez dakit”.
Baina ezjakintasuna harago zihoan, langile horren beraren esanetan: “Amiantoak hiltzen duela esaten bazenion arduradunari honek erantzuten zizun hori gezurra zela, eta hori frogatzeko maskararik gabe egiten zuen lan eta amiantoa bere eskuarekin ukitzen zuen. Esaten zigun eramaten genuen babesa protokoloagatik eraman behar genuela, ez gure osasunagatik”.
Orduen gainetik
Arnasteko ekipo bereziak baliatu behar dira amiantoa kentzeko, baina legeak dio maskara horiek ezin direla egunean 4 orduz baino gehiagoz eraman. Muga hori ere ez zen betetzen Amiantec 3000n, langile ohien aburuz. “Kontratuan zehazten zen lau orduz lan egiten genuela amiantoarekin eta beste lau ordu eraikuntzaren sektorean. Baina egiatan amiantoarekin baino ez genuen lan egiten, zortzi orduz jarraian”, salatu du R.Rk.
Elkarrizketatu guztiek kontatu dute lanaldiek muga legalak gainditzen zituztela. Hala kontatu du K.Rk (izen asmatua): “Goizez joaten ginen lanera, etenaldia egiten genuen, eta arratsaldean itzultzen ginen. Berez, laneko lau orduetan zehar ezin da maskara ezertarako kendu, baina guk maskara kentzen genuen, lau ordu baino gehiago aritzen ginelako lanean”. N.Gk (izen asmatua) gatazka izan zuen arduradunekin, amiantoaren aurrean lau ordu baino gehiago egoteari uko egin ziolako. Bere lanpostuari ez dagokion funtzio batzuk egiten jarri zuten orduan, “zigor moduan”.
Material berrerabiliak
Baliabide materialetan ere zituzten gabeziak, langileek salatu dutenez. “Borrokatu egin behar genuen maskara eta eskularruak aldatzea lortzeko. Apurtuak egon arte ez zizkiguten berriak ematen”, azaldu du L.Ik (izen asmatua), “behin eskularru bat bestearen gainetik jarri behar izan nuen, apurtuta zegoelako. Bizitza bilatu behar genuen. Buzoak askotan erabili izan ditugu obra batean baino gehiagotan”. Antzeko azalpenak eman ditu R.Rk: “Eskularruak eta filtroak egunero aldatu behar dira. Eurek aspiragailua pasatzea eskatzen ziguten. Ezer esaten ez bagenien ez zuten materialik aldatzen”.
Dutxa mugikorrarekin ere, arazoak. Salatu dutenez, askotan ez zegoen ez ur ez xaboirik bertan. “Arduraduna abisatzen genuen, eta ez dutxatzeko esaten zigun. Amiantoa etxera eraman genezakeen orduan, gure familiari eraginez”, kontatu du R.Rk.
Amiantoa kentzerako orduan produktu likido berezi bat botatzen zaio materialari, zuntzak airera ateratzea ekiditen duena. Horri begira ere badute zer esana Amiantec 3000ko langile ohiek. Euren esanetan, bezeroen aurrean “itxurak” egiteko eramaten zuten produktua, baina gero ez zuten behar bezala aplikatzen. “Ez ziguten toki guztietatik jartzen uzten. Bezeroari begira itxurak egiteko erabiltzen zen, ez gure osasuna babesteko”, salatu du K.Ak (izen asmatua). Harago joan da L.I. Bere hitzetan, batzuetan ura sartzen zuten produktu horren ontzian, plantak egiteko.
Beste anekdota bat kontatu du K.Rk: “Behin bazegoen amiantozko depositu bat ezin genuela gure kabuz atera. Horregatik, zaku batean sartu eta kolpez apurtzea agindu ziguten”.
Behin amiantoa kenduta, Amurrioko pabilioira eramaten zuten, baina horretarako ibilgailu egokirik gabe. “Furgoneta normal batean eramaten genuen materiala. Atzeko aldea ez zegoen isolatuta, eta gu barruan maskararik gabe joaten ginen, amiantoa xurgatzen”, azaldu du K.Rk.
“Behin Bilboko eskola batean egon ginen amiantoa kentzen. Bertatik itzultzean amianto zati bat ahaztu zitzaigula esan ziguten, eta nire auto propioarekin joan behar izan ginen zati hori hartzera, inolako babesik gabe”
Horri lotuta, anekdota deigarri bat kontatu du K.Ak: “Behin Bilboko eskola batean egon ginen amiantoa kentzen. Bertatik itzultzean amianto zati bat ahaztu zitzaigula esan ziguten, eta nire auto propioarekin joan behar izan ginen zati hori hartzera, inolako babesik gabe”.
Behin Amurrioko pabilioira iritsita, biltegian pilatzen zuten material guztia, zabortegi espezializatuko kamioia iristen zen arte. Elkarrizketatuek salatu dutenez, amiantoa hainbat egunez egon zitekeen bertan gordeta.
Iraungitako arnesak
Baina segurtasun neurrien gabezia ez zen amiantora mugatzen. Amiantec 3000k egiten dituen lanetako asko altuerazkoak dira, amiantoa duten sabaiak kentzea baita lan ohikoenetako bat. Eta horri begira ere badute zer salatu langile ohiek. Hala kontatu du L.Ik: “Egun batean lankide bat konturatu zen erabiltzen genituen arnesak iraungita zeudela. Segurtasun sarea, aldiz, batzuetan bazegoen eta beste batzuetan ez. Oso toki arriskutsuetara igo gara, 10-15 metroko altuerakoak”.
Segurtasun sokak ere homologatu gabe zeuden askotan. Hala salatu du R.Rk, eta nabarmendu du teilatu gaineko lan baldintzak oso gogorrak zirela orokorrean: “Esklaboak izango bagina bezala tratatzen gintuzten, oihuka eta mehatxuka”. Antzeko bizipenak partekatu ditu K.Rk: “Udan neguko buzoekin egon gintezkeen lanean, sekulako beroarekin, galtzerdiak izerdiz blai”.
“Esklaboak izango bagina bezala tratatzen gintuzten, oihuka eta mehatxuka”
Legeak ez du muga zehatzik ezartzen, baina hainbat adituk zehazten dute ez dela komenigarria kolpe bakarrean 300 metro karratu amianto baino gehiago kentzea. Muga hori aise gainditzen du Amiantec 3000k, K.Ak salatu duenez: “Gu 700 metro karratu kentzera iritsi ginen behin, enpresa baten sabai oso bat”.
Lan istripu gehiago
Mohamed Lazraq urduñarrarena da Amiantec 3000an jazotako lan istripu larriena, baina ez da bakarra izan, elkarrizketatuek nabarmendu dutenez. Hala kontatu du K.Rk: “Behin Zaragozako lantegi batean palet bakarrean ahalik eta amiantozko txapa gehien jartzea eskatu ziguten. Plastifikatzera joan zirenean, sabaia hautsi eta paleta behera erori zen. Zorionez, ez zuen inor harrapatu, behean zegoen langilea justu bulegora joan zelako”. K.Rk berak bere azalean sufritu zuen beste ezbehar bat: “Teilatuan nengoen txapak pilatzen. Hanka sartu nuen bi txapen artean. Erori nintzen eta txapen puntarekin jo nuen saihetsetan”.
Beste kasu bat gaineratu du R.Rk: “Lankide bat sabaitik sarera erori zen eta gero bertatik lurrera. Gaur egun lepoko minarekin jarraitzen du. Beste kide bati iltze bat sartu zitzaion segurtasun zapatatik, eta arduradunak berriro derrigortu zuen lan egitera. Mutuara joan zenean zauria artatzera errieta bota zion arduradunak, ezer ez zuela esanez. Beste behin burdin batzuekin kolpatu nintzen buruan eta odoletan hasi nintzen. Jaitsi nintzen botikina hartzeko, baina barruan ez zegoen ezer”.
Langileek salatu dute lan ikuskaritza hainbat aldiz bertaratu dela lantegira, baina kasu guztietan enpresak aurretik zuela horren berri, eta zenbait gauza aldarazten zizkiela. “Esaten ziguten obra zehatz batean kontrola egongo zela, eta orduan bai, beharrezko produktu eta ekipamendu guztiak eramateko”, salatu du R.Rk.
Langile migratuez baliatzen
Elkarrizketatutako langile guztietatik, N.G baino ez da Aiaraldean jaiotakoa. Gainontzekoak langile migratuak dira, eskualdera duela urte gutxi iritsitakoak. Salatu dutenez, hori da ohiko egoera Amiantec 3000 lantegian, eta ez da kasualitatea.
“Atzerritarrak garen pertsonez aprobetxatzen dira, lan beharra dugulako”, salatu du R.Rk, “batek bere seme-alabak elikatu behar ditu, beste batek paperak berritu behar ditu… Euskal Herrian jaiotako langileek hiruzpalau egun baino ez dituzte aguantatzen genienetan, egoera zein den ikusi eta badoaz”. Langileen aburuz, enpresak bere onurarako erabiltzen du beharginen egoera zaurgarria, eta “beldurra” sartzen die zeharka.
“Lanbideko bulegoan zegoen pertsonak esan zidan lan hori zabor hutsa zela. Baina langabezia nahi banuen lan egin behar nuen nahitaez”
Antzeko iritzia du K.Ak: “Ni hona bizitzera etorri nintzenean ez nekien ezer. Lan egin behar nuen alokairua ordaintzeko. Beste batek paperak berritu behar ditu… gure egoeraz baliatzen dira”.
Lanbideren bidez hasi zen K.A. Amiantec 3000n lanean. “Lanbideko bulegoan zegoen pertsonak esan zidan lan hori zabor hutsa zela. Baina langabezia nahi banuen lan egin behar nuen nahitaez”, oroitu du. Gainontzeko kideak ere oso kritiko azaldu dira horrekin. “Nola bidali ahal zaitu Lanbidek enpresa horretara jakinda lan horrek hil egiten zaituela? Langileak jartzen dizute biktima moduan”, salatu du R.Rk. Antzeko hitzak baliatu ditu K.Rk: “Aurretik aztertu beharko lukete nora bidaltzen duten jendea lan egitera”.
Lan heriotza, argitzeke
Erreportaje honetan parte hartu duten bost langileek denbora daramate enpresatik urrun, baina ondorioak ez dituzte erabat gainditu oraindik. “Gaur egun sorbaldako minekin jarraitzen dut eta ezin dut pisu asko hartu, gure kabuz jasotzen genituen 3 metroko txapen erruz”, ziurtatu du R.Rk.
Baina ondorioak ez dira fisikoak bakarrik. “Nik gaizki jarraitzen dut. Arrazoirik gabe haserretzen naiz, nire ingurukoek esaten dute aldatuta nagoela”, aitortu du R.Rk. Antzeko sentsazioa du K.Ak: “2022an utzi nuen lan hura, eta gaur gaurkoz estresa nabaritzen jarraitzen dut”.
Mohamed Lazraqen heriotzak ez zituen harritu. K.Rk, adibidez, “argi” zuen “horrelako zerbait” gertatuko zela, “lan baldintza egokirik gabe lan egiteagatik, presarekin, estresarekin…”.
Istripuaren egunean dei-gurutzatu ugari egin zituzten langile ohiek, euren artean eta baita lantegian oraindik lanean dabiltzan ezagunekin ere. Hala oroitu du K.Ak: “K.Rk deitu zidan eta nire ahotsa entzutean esan zidan: ‘Bizirik zaude!’, nahiz eta bazekien denbora neramala enpresatik kanpo. Lan heriotza gertatu zenean argi pentsatu nuen: ni izan nintekeen, edo gutako edozein”.
Osalanek oraindik osatzeke du zuen Mohamed Lazraquen heriotzaren inguruko txostena
Langile ohiek oraindik badute harremana enpresan dauden beharginekin, eta hauek ziurtatu diete egoerak berdin jarraitzen duela. “Beldurra sartzen dizute hitz egin ez dezazun, enpresan dagoen jendeak beldurra du oraindik. Gauza asko dakizkite eta ez dute hitz egingo”, azaldu du R.Rk. K.Ak, bere aldetik, nabarmendu du ez zaiela axola enpresarekin zer gertatzen den: “Bizitza bat galdu dugu. Hil den pertsonagatik gaude hemen hitz egiten”.
Oraindik argitzeke dago zer gertatu zen zehazki urriaren 15ean, zerk eragin zuen Mohamed Lazraq Loiuko lantegi hartako sabaitik erortzea. Aiaraldea Komunikabidea Osalanekin harremanetan jarri da, eta erakunde horrek adierazi dio oraindik osatzeke dutela gertakari horren gaineko txostena. Ikusteke dago, beraz, auzi honek izango duen segida.
Erakunde publikoak
Amiantec 3000ko langile ohien hitzetan, Amurrioko enpresa hori Euskal Autonomia Erkidegoko zein kanpoko hainbat tokitan aritzen da amiantoa kentzen. Horietako asko espazio pribatuak dira, baina badaude publikoak ere. EAEko Kontratatzailearen Profilaren arabera, Amiantec 3000k 43.327,5 euro jaso ditu 2022tik hona erkidegoko erakunde publikoen partetik, amiantoa kentzeko lanak egiteagatik. 2024an soilik bederatzi aldiz kontratatu dute zuzenean horrelako lanak egiteko.
2020an, aldiz, Eusko Jaurlaritzak kontratatu zuen Amurrioko enpresa, Zaldibarreko zabortegiko hondamendiaren testuinguruan, lur-jausian azaleratu zen amiantoa kentzeko, “larrialdiko salbuespenezko prozedura” baliatuta. 7.368,8 euroren truke egin zituzten bertako amiantoa kentzeko lanak.