Ekintzaz beteriko urtea izan du Aiara Dantza Taldeak bere 40. urteurrena ospatzeko eta ekitaldiz jositako egitarauaren azken geltokira helduko dira larunbatean. Hain zuzen, 19:00etan Amurrio Antzokira Aiara dantzan, aunitz urtez erakustaldia eramango dute. Dagoeneko ez dago sarrerarik salgai eta iragarri dute 120 dantzari arituko direla, baita musikari batzuk ere.
Euskal dantzen Amurrioko historia kontatuko dute emanaldian. 1930eko hamarkadan abiatuko dute kontakizuna, inguruko taldeen jaiotzarekin eta Jose Tomas Uruñuelaren konpositorearen ekarpenarekin.
Handik 1936ko estatu kolpera egingo dute jauzi eta gero Frankismoaren ondorio lazgarriak islatuko dituzte (ikurrinaren debekua eta bestelako zailtasunak, esaterako), baina baita Iparraldetik pizten ziren itxaropen izpi apurrak ere.
Trantsizioa deituriko garaiaren ondoren, Aiara Dantza Taldea bera eta euskal dantzen egungo egoera izango dira protagonistak, antolatzaileek aipatu dutenez.
Urteurren oso positiboa
Aiaraldea Komunikabidearen galderari erantzunda, Aiara Dantza Taldeak oso positibotzat jo du 40. urteurreneko ospakizuna. Efemeridean ekintzak antolatu dituzte propio (esaterako, Korrontzirekin egindako saioa edota Euskal Jaia), baina kanpoko aitortza ere jaso dute, Aiarako Jaien pregoilariak izanda, adibidez.