Amurrioko kaleak magiaz betetzen dira abenduan zehar, Olentzeroren etorrerarekin. Lan asko izaten du Olentzerok herrian eta horrela daramatza 42 urte. Aurten bere azken urtea izango da. Manolo Plaza urte luzez izan da eskualdeko Olentzero ezagunena. Aurten lekukoa pasatzeko garaia iritsi zaio.
Berak hiru fasetan banatzen du bere ibilbidea. Hasieran Herriarenak kuadrillarekin hasi zen Olentzero izaten eta 24 eta 25ean soilik irteten zen. “Lehen esperientzia oso polita izan zen” azaldu du. Urte batzuk beranduago Udalarekin batera “Olentzero txikia” antolatzen hasi ziren eta herriko eskoletatik ibiltzen zen bisitan. Duela 25 urte Ohiturak elkartea sortu zen eta ordutik hainbat ekintza egiten dituzte abenduan zehar: kalejirak, agerraldiak, bisitak…
Oso polita baina nekagarria den zerbait bezala deskribatzen du Plazak Olentzeroren lana. Urte batzuk daramatza pentsatzen eta azkenean erabakia hartu du. Berarentzako erreleboa bilatzen dabiltza.
Amurrioarraren ustez, karakterizazioa ez da Olentzero izateko gauza garrantzitsuena. “Karakterizazioa ondo dago baina ez da dena, zuk sinesten baduzu Olentzero zarela, besteek ere bai”. Plazak argi du Olentzero izateko bi gauza direla garrantzitsuak: atzetik laguntzeko prest dagoen lan talde bat eta familiaren babesa izatea.
Hala ere, aurten oraindik lana du aurretik. Abenduaren 24ean esaterako kalejiran ibiliko da Olentzero herritik eta hurrengo egunean herriko egoitzak bisitatuko ditu. Babioko igoeran ere egongo da eta herritar guztiak animatzen ditu bertan parte hartzera.
Bere azken urtea izanda, asko hunkituko dela adierazi du. Azken urteetan bezala, oso maitatua sentituko da. Nork hartuko dio erreleboa?