Astebeteren ostean, dozenaka lagun mobilizatu dira berriz Amurrion Ondasun Higizinen gaineko Zergaren (OHZ) igoeraren aurka. Oraingoan udaletxearen aurrean egin dute elkarretaratzea, Txerra Molinuevo alkateari azalpenak eskatzeko.
Izan ere, mobilizazioko deitzaileek nabarmendu dute igoera kasu batzuetan %20koa izan dela, Udalak %5koa dela esan duen arren. Azken datu hori "erabat gezurra" dela ziurtatu dute elkarretaratzean, tokiko erakundeak "%20ko igoera babestutako etxebizitzei soilik egotzi dielako, etxebizitza horiei igoera hori iaz aplikatu zitzaienean, eta gainontzeko etxebizitzei aurten".
Horrez gain, herritarrek salatu dute udalbatzan %2ko urteroko igoera onartu dutela 2028ra arte, eta horrek eragingo duela beste %8ko igoera egotea datozen lau urteetan.
Horri lotuta, nabarmendu dute Udala dela igoeraren erantzule bakarra: "Alkate jaunak komunikabideetan justifikatu du %5eko igoera hori egin dutela aurreko urteetako diru-sarrerak mantentzeko. Alkate jauna, zergatik ez dizkiguzu iazko diru-sarrerak eta aurtengoak erakusten zu sinestu ahal izateko? Zergatik esaten duzu gezurra ehunekoekin?".
📸 ARGAZKIAK | Astebeteren ostean, dozenaka lagun mobilizatu dira berriz Amurrion Ondasun Higizinen gaineko Zergaren (OHZ) igoerare aurka.
— Aiaraldea.eus (@aiaraldea) December 19, 2024
Ikusi argazkiak eta informazio gehiago hemen:https://t.co/2CpavFYJjI pic.twitter.com/zu0mScIJFo
Ohartarazi dutenez, familia askok ez dute erraz izango igoerari horri aurre egiteko, eta salatu dute iragan asteko asteartean eskatu zutela bilera alkatearekin, baina honek uko egin diola biltzeari. Gauzak hala, "aurpegia emateko" deia luzatu diote gobernuburuari.
Aiaraldea Komunikabidea atzo jarri zen harremanetan Udalarekin gaiari buruzko adierazpen eske, baina momentuz ez du erantzunik jaso.