Arabako Foru Aldundiak Luis de Lezama apaiz, kazetari eta enpresariari eman dio Arabako Domina. 1936an Lezaman jaioa, Madrilera jo zuen kazetaritza ikastera eta apaiz izatera.
Kazetari gisa Israel eta Siriaren arteko Sei Eguneko Gerran egon zen eta balaz zauritu zuten. COPE irrati katearen sortzaileetako bat ere izan zen eta 1992an saria jaso zuen saio erlijioso onena egiteagatik. Egun Sevillan bizi da.
Biografia
Batxilergoa ikasi zuen Indautxuko Jesuiten Ikastetxean. Etapa hori amaitzean, Madrilera joan zen Comillaseko Unibertsitateko ICAI Ingeniaritzako Goi Eskola Teknikoan ikasten hasteko. 1955ean, ordea, Madrilgo Elizbarrutiko Seminarioan sartu zen, Teologian eta Filosofian. 1962an apaiztu zen, eta Amurrioko Santa Maria Parrokian egin zuen lehen meza nagusia.
Chinchonen, lehen parrokian, berehala lotu zen gizarte-ehunarekin. Bertan, langileen baldintzak hobetzera bideratutako hainbat ekimen eta gizarteratzeko arazoak dituzten gazteentzako prestakuntza-ekintzak bultzatu zituen. Hortik, eta geroago Madrilgo Los Angeles auzora joan zenean, 1974an Alabardero tabernaren hasiera sortu zen. Jakin gabe, Lezama Taldearen hasiera da, gizarte-ekonomiako enpresa-eredu aitzindaria, eta nazioarteko erreferente bihurtu dena.
Hain zuzen, Arabako Foru Aldundiak aitortu du, bereziki, bere enpresari eta hezitzaile jarduera. Izan ere, irekitako 22 jatetxeek "aukera ematen diete profesionalki eta gizatasunez garatzeko zailtasunak dituzten gazteei, kalitatezko prestakuntzaren, hezkuntza berritzailearen eta ostalaritzaren kudeaketaren bidez", Aldundiak azaldu duenez.
Ostalaritza establezimendu horiek ez daude guztiak Espainiako Estatuan. Badaude batzuk Estatu Batuetan, Washingtonen, adibidez, Etxe Zuritik gertu, alegia.
Dena den, bere enpresa ekimena Aiaraldean ere dago. Hain zuzen, Lezaman Iruraitz baserria eraberritu zuen jatetxe eta landetxe moduan.
22 jatetxe ireki ditu enpresariak orotara, gazteei profesionalki laguntzera bideratutakoak.
Heziketa proiektuak
Heziketaren esparruan, Arabako Foru Aldundiak goraipatu du 1993an Sevillako Ostalaritza Goi Eskola sortu zueta, Ostalaritza eta Turismo arloko prestakuntza handiko zentroa, eta dagoeneko 35.000 ikasle baino gehiago igaro dira bertatik. Gaur egun, munduko ostalaritza-eskolarik onenetakoa da. 2007an, Ostalaritzako Goi Mailako Ikasketa Irekiak (ESAH) sortu zituen.
2009an Santa Maria La Blanca ikastetxea sortu zuen Madrilgo Montecarmelo auzoan, hezkuntza berriztatzeko erreferente bihurtu dena EBI sistemari esker. Sistema horrek ikaslea bere ikaskuntza-prozesuaren protagonista bihurtzen du, bere trebetasunak eta talentuak indartzeko helburua duen hezkuntzaren bidez.
Bere Fundazioaren proiekturik berriena Gastronomia eta Turismo Zientzien Unibertsitatea sortzea da. Unibertsitate horrek Madrilgo Unibertsitate Konplutentseak aitortutako graduko, graduondoko eta etengabeko prestakuntzako ikasketak eskainiko ditu.
Garrantzia politikoa
Luis de Lezamak ez du politikaren mundua gogoko, baina Trantsizioan garrantzia izan zuen, Vicente Enrique Tarancon kardinalaren idazkaria izan baitzen. Tarancon Espainiako Apezpiku Biltzarreko lehendakaria izan zen Trantsizioan eta Eliza Frankismotik bereizteko bidea hartu zuenez, diktaduraren militar eta militante sutsuen jomugan egon zen.
Luis de Lezama ez da Arabako Domina lortzen duen lehen aiaraldearra. Laudioko San Roke Kofradiak 2014an eskuratu zuen.