Gaur ere dozenaka herritar mobilizatu dira Amurrioko Juan de Urrutia plazaren aurrean eta euren aldarrikapenen egoeraren berri eman dute. Izan ere, pasa den astean elkartu ziren udal gobernu taldeko ordezkariekin eta ez dira batere pozik agertu izandako elkarrizketarekin.
Alde batetik, euren ustez, Udalak onartu zuen Ondare Higiezinen gaineko Zerga gehiegizkoa izan dela, baina, halaber, adierazi zieten ez dutela ezer egingo hori aldatzeko. "Hurrengo urteetan OHZ %8an igoko dute eta guk eskatu genien hori ez egiteko, jadanik %18ko igoera izan baitu aurten", aipatu dute.
Alkatearekin haserre
Horrez gain, ekimenaren bozeramaileek haserrea agertu dute Txerra Molinuevo alkatearekiko: "Egunean bertan deitu zigun bilera egiteko eta gero 20 minutu igarota joan zen. Errespetu falta iruditu zaigu. David Romero finantza zinegotziarekin geratu ginen bakarrik".
Hitzaldia egoeraren berri emateko
Protestak deitu dituzten amurrioarrek iragarri dute 2025ean ere jarraituko dutela mobilizazioak antolatzen, baina bestelako ekimenak ere prestatu nahi dituzte: "Hitzaldia egin nahi dugu lokal itxi batean, azaltzeko zein den benetako egoera OHZri dagokionez. Izan ere, biztanle batzuek ez dute aparteko aldaketarik nabaritu ordaintzerako orduan eta uste dute ez diela eragiten, baina ez da horrela. Kontua da katastroaren balioa berrikusi dutela eta jende askori balio hori jaitsi diotela. OHZn ordaindu dutena iazko antzeko kopurua izan denez, herritar askok sinisten dute ez zaiela igoerarik ezarri, baina ez da horrela, askoz gutxiago ordaindu behar zuten".
Aiaraldea Komunikabidea Amurrioko Udalarekin jarri da harremanetan gaiaren inguruko adierazpenak jasotzeko, baina ez du erantzunik jaso.