"Ez nukeen inoiz imajinatuko adin honetan deituko nindutenik Movistar taldearekin entrenatzeko"

Aitor Aspuru Saez 2025ko urt. 9a, 12:30

Mirari Gotxi Euskadiko Ziklo-kros Txapelketan duela bi aste baino gutxiago. / Aiaraldea.eus

Mirari Gotxik astebetez Movistar txirrindularitza talde profesionalearekin entrenatzeko gonbidapena jaso du, denboraldi bikaina egin ondoren.

Egun kitzikagarriak ditu aurrean Mirari Gotxi txirrindulari amurrioarrak. Izan ere, asteburuan Espainiako Ziklo-kros Txapelketan lehiatuko da As Pontesen eta igandean bertan hegazkina hartu eta Valentziara joko du Movistar talde profesionalarekin astebetez entrenatzeko.

Egun garrantzitsuak dira Movistar taldearentzat. Hain zuzen, Gabonak amaituta, neguko aurredenboraldia prestatzen dute, saio tekniko eta fisiko luze eta bizietan. 

Opari bat

Mirari Gotxik opari gisa hartu du talde profesionalaren gonbidapena: "Hau niretzat saria eta oparia da, ez nukeen inoiz imajinatuko adin honetan neure burua horrelako zerbaitetan ikustea, sorpresa izan da ez nuelako espero".

Gainera, albisteak indar gehiago eman dio: "Honek animo asko ematen dizkit aurrera jarraitzeko eta hurrengo denboraldian pentsatzeko. Nire helburuak ikastea, gozatzea eta egunen batean talde profesional batean korrika egin ahal izatea dira".

"Nire helburuak ikastea, gozatzea eta egunen batean talde profesional batean korrika egin ahal izatea dira".

Paula Ostiz, Movistar taldeko laguna

Hurrengo astean bere behin-behineko taldekideei begira, ezagun eta lagun bat dauka, Paula Ostiz. Izan ere, Baque taldeko kidea izan baita.

Besteei dagokienez, irrikan dago eurekin denbora partekatzeko: "Miresten ditut eta haiek lasterketetan jarraitzen ditut".

Denboraldi borobila

Gotxiren denboraldia azpimarragaria izan da eta, esaterako, azken asteetan laugarren postuan geratu zen Euskadiko Txapelketan eta seigarren J. M. Basualdo ziklo-kros lasterketan. Horrez gain, Espainiako Kopako etapa bat irabazi zuen Alcobendasen, baita Aiarako Emakumeen Biran ere. Horrez gain, lorpenak ere izan ditu Euskadiko Selekzioarekin.

Etorkizunera begira, hurrengo egun eta asteetan erronka gehiago izango ditu: "Orain, ziklo-kros denboraldia amaitzear dagoela, Espainiako Txapelketa besterik ez da geratzen, Benidorm, eta ez dakit Belgikara eta Herbehereetara joango garen. Atzera begiratzen dut eta pozik nago egin dudan denboraldiarekin, gozatu dut eta baita motza ere egin zait, orain egun batzuk barru burua pixka bat gelditzea egokituko zait, atseden hartzea eta errepidearekin hasteko energia hartzea".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide