EAJ eta PP ez daude ados Laudioko udal gobernu taldeak etxebizitza hutsei ezarritako OHZren %50eko errekarguarekin

Aitor Aspuru Saez 2024ko urr. 4a, 17:00

Inor erregistratuta ez dauden etxebizitzei igo diete Ondare Higiezinen Zerga. / Aiaraldea.eus

Jeltzaleak salatu dute neurria nola zabaldu den ALHAOn (Arabako Lurralde Historikoko Aldizkari Ofizialean). Horrez gain, EAJk eta alderdi popularrak bat egin dute neurri egokia ez delaren ideiarekin.

Laudioko udal gobernu taldeak aste honetan zabaldu du udalerrian identifikatu dituzten etxebizitza hutsei (660 guztira) Ondare Higiezinen Zergako %50eko errekargua ezarriko diela eta oposizioko talde nagusienak desadostasuna adierazi du erabakiarekiko.

Izan ere, Arabako Lurralde Historikoko Aldizkari Ofizialean etxebizitzak kokatuta dauden kaleak eta atariak argitaratu dituzte Laudioko Udalaren aginduarekin batera eta horrek, jeltzaleen aburuz, "etxebizitza horien jabeen pribatutasuna urratzeaz gain, mesfidantza- eta kezka-sentsazio kezkagarria ere sortzen du".

EAJk honakoa adierazi du: "Hainbat kexa jaso ditugu ekimen horren ondorioz, ulertu ezin dutela eta gaizki tratatuta sentitu direla dioten bizilagunengandik, segurtasun-gabeziako eta urduritasuneko giroa sortzen duelako". Hori dela eta, jeltzaleek uste dute EH Bilduren udal gobernu taldearen neurriak jabetza pribatua estigmatizatzen duela.

Jeltzaleek uste dute EH Bilduren udal gobernu taldearen neurriak jabetza pribatua estigmatizatzen duela

PPk ere kritikatu du OHZren igoera

Aiarako PP alderdiak (zeinak Laudioko udalbatzan ordezkaririk ez duen) leporatu dio EH Bilduri egoera ez ezagutzea. Alderdi popularraren aburuz, etxebizitza huts horien jabeak herri txikietan bizi diren biztanleak dira eta bigarren etxebizitza erosi dute euren bizitokitan eskura ez dituzten zenbait zerbitzu publiko irisgarriago izateko.

PPren iritziz, OHZren errekarguak herritar horiek zigortzen ditu eta beste udalerri batzuetara joatea eragingo du. Gauzak horrela, popularrek eskatu dute bestelako politikak jartzea indarrean alokairua sustatzeko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide