Aiaragazte Music Fest jaialdiak eskualdeko talentu musikala taularatuko du Amurrio Antzokian

Aimar Gutierrez Bidarte 2025ko urt. 15a, 07:50

Matx eta 4 Bancos Amurrio Antzokiko eszenatokian. / Naia Vallejo

Urtarrilaren 25ean 4 Bancos, Gwa Ya, Belgorri, Matx eta Deriba taldeak batuko dira Amurrio Antzokiko eszenatokian, Aiaragazte Music Fest jaialdiaren lehenengo edizioan.

Aiaraldeko talentu musikalak Amurrio Antzokian egingo du bat, datorren urtarrilaren 25ean ospatuko  den Aiaragazte Music Fest jaialdiaren lehenengo edizioan. Jaialdia antzokiaren XX. urteurrenerako prestaturiko programazioaren barruan kokatu dute, eta 4 Bancos, Gwa Ya, Belgorri, Matx eta Deriba taldeak batuko dira eszenatokian.

Bi ordu baino gehiagoko musika emanaldia izango da. Banda bakoitzak 20 minutuko emanaldia eskainiko du, eta kontzertu tartean musika-jartzaileak eta "sorpresak" egongo direla aurreratu dio Alex Yarza 4 Bancos taldeko kideak Aiaraldea Komunikabideari. Jaialdia 20:00etan hasiko da, eta sarrerak salgai daude honezkero Amurrio Antzokiaren web orrian, 6 euroren truke.

Aiaraldeko artistak taulara

Eskualdeko musika banden topaleku izango da Aiaragazte Music Fest jaialdia. Aiaraldean hainbeste musika talde egotea "albiste ona" dela azaldu du Alex Yarzak, eta banden "gaztetasuna" azpimarratu du. Musika jaialdi handiak boladan dauden garaian, tokiko musikariak babestu eta sustatzeko beharra aldarrikatu du 4 Bancos taldeko bateriak. Gauzak horrela estilo eta erritmo anitz entzungo dira urtarrilaren 25ean Amurrio Antzokian, baina guztiak Aiaraldeko sor-markaren pean.

4 Bancos taldeak rap eta rock doinuak elkartuko ditu 2019an abaitutako ibilbidetik tiraka. Talde amurrioarra estudiora sartuko da apirilean, disko berria grabatzeko asmoz, eta, Aiaraldea Komunikabideari aurreratu diotenez, hainbat aurrerapen kanta taularatuko dituzte Aiaragazte jaialdian.

Matx Katarsia EPa aurkeztu zuen toki berera itzuliko da. Bakarlari laudioarrak Amurrio Antzokia aukeratu zuen bere lehenengo EPa taularatzeko 2023an. Orduko hartan, 4 Bancos taldeko lagunak izan zituen inguruan, eta Aiaragazte Music Fest jaialdian ere gertu izango ditu.

Gwa Ya izango da jaialdiko talderik beteranoena. 2012an bi lagunen artean sorturiko reggae eta ska banda da Gwa Ya, eta honezkero ibilbide oparoa erdietsi dute musikaren munduan. Bi disko kaleratu dituzte, eta 2021ean plazaratu zuten azken kanta, bideoklip eta guzti:

EPa estreinatu berri duena Deriba taldea da: Esnatu. Amurrioko eta Urduñako lau gaztek osatzen dute Deriba rock banda, eta irailean sartu ziren estudiora, urte berriarekin batera plazara atera duten lau abestiz osaturiko lana grabatzera.

Belgorri da jaialdiko kartela osatzen duen azken taldea. Hauek ere EP berria grabatu dute berriki: Ernetzen. 2024ko apirilean grabaturiko Lehen Taupadak EPari segida eman diote amurrioar gazteek, lau abesti berriz osatutako lan honetan.

Aiaraldea Komunikabideak zuzenean eskainiko du jaialdia.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide