Dozenaka lagun elkartu dira gaur arratsaldean Amurrioko Udaletxearen aurrean, herrian duela gutxi etxegabetze bat gertatu baita.
Agerraldian zehaztu dutenez, kaleratutako familiak zortzi urte zeramatzan etxe horretan bizitzen, "eta azken unera arte egon da alokairua hilero-hilero ordaintzen".
Salatu dutenez, pisua saltzea erabaki du jabeak, eta epaitegira jo du bertan bizi zirenak kanporatzeko. "Familia honek hainbat erakundetara jo du laguntza eske: Amurrioko Udala, Etxebide, Alokabide… baina horietako bat bera ere ez dio bizitoki alternatibarik eskaini", nabarmendu dute.
Gauzak hala, aldarrikatu dute Aiaraldea ez dela "oasi" bat. "Beste hainbat tokitan bezala, hemen ere ematen dira etxegabetzeak, alokairu bat lortzeko ezintasuna edota jabeen gehiegikeriak, nahiz eta askotan ezkutuan geratzen diren", azaleratu dute.
Nabarmendu dute "langile klasearen gehiengoak bere soldataren zati geroz eta handiagoa" bideratu behar duela alokairua edo hipoteka ordaintzera, "beste batzuk horren kontura bizi" diren bitartean.
"Langile klasearen gehiengoak bere soldataren zati geroz eta handiagoa bideratu behar du alokairua edo hipoteka ordaintzera, beste batzuk horren kontura bizi diren bitartean"
Agerraldiko antolatzaileen iritziz, erakunde publikoak ez dira "benetako alternatibarik eskaintzen ari", eta "benetako urratsak ematea" exijitu diete, "eskualdean bizi diren pertsona guztiei etxebizitza duina bermatzeko".
Herritarrei, aldiz, etxebizitzari lotutako arazoak salatzeko deia luzatu diete, orain arte "gai tabua" izan dela iritzita. "Jende askok isilpean eraman ditu alokairua edo hipoteka ordaintzeko zituen arazoak, arazo indibidual bat kontsideratu delako, norberaren arrakastaren edo porrotaren seinale izango balitz bezala".
Aurkako diskurtsoa zabaldu dute agerraldian, etxebizitzarena "arazo kolektiboa" dela eta "modu horretan" tratatu behar dela nabarmenduz: "elkar saretuz, arazoak salatu eta kolektibizatuz eta erantzuleak seinalatuz".
Horretarako deia zabalduz amaitu dute agerraldia, eskualdean "inor soberan ez" dagoela aldarrikatuz.
🎥 BIDEOA | Dozenaka lagun bildu dira ziren ostiralean Amurrioko Udaletxearen aurrean, herrian duela gutxi etxegabetze bat burutu dela salatzeko.
— Aiaraldea.eus (@aiaraldea) January 20, 2025
📲 Informazio gehiago https://t.co/AW7QKfgMhr atarian 👉 https://t.co/CZKRkTdQxS pic.twitter.com/c5w8OOWzQG