
Motorrak berotzeari ekin diote Amurrio Harro jaiari begira. Ekainaren 7an egingo dute ekimenaren laugarren edizioa eta, iaz bezala, irudia hautatzeko lehiaketa antolatu dute.
Zehaztu dutenez, lehiaketaren irabazlea Amurrio Harro elkartearen "urte osoko pegatina eta ikurra" izango da. "Lehiaketa zabalik dago parte hartu nahi duen ororentzat, adina, udalerria eta abar kontuan hartu gabe", nabarmendu dute antolatzaileek. Posta elektroniko bidez (amurrioharro@gmail.com) edo Kultur etxean entregatu ahalko dira lanak, eta martxoaren 28a izango da horretarako azken eguna.
Hemen ikusi daitezke lehiaketaren oinarri zehatzak. Edozein zalantza izanez gero, arestian aipatutako posta elektronikora edo Amurrio Harroren Instagram kontura bidali daiteke mezua.
2022an ospatu zuten Amurrio Harro jaia lehenbiziko aldiz, udalerrian LGTBIQ+ harrotasuna aldarrikatzeko helburuarekin. Ekimenaren antolatzaileek izen bereko elkartea sortu zuten gero, eta bestelako jarduerak ere antolatzera pasa dira urtean zehar.