Deguisa enpresako langileek elkarretaratzea egin dute lan hitzarmen duina aldarrikatzeko eta ez dute alboratzen lanuzteak edota greba deitzea.
Izan ere, beharginek azaldu dutenez, duela urtebete hasi zitutzen negoziaketak hitzarmen berria adosteko eta ez dira ados jartzen zuzendaritzarekin. Talka puntuak bi dira. Alde batetik, sindikatuek exijitzen dute KPIren eguneraketa urtero egitea, baina enpresak ez du konpromiso hori hartu nahi. Gehienez, %3ko KPIa ordaintzeko prest dago, baina beharginak ez daude ados: "Eurek prezioak igoko dituzte eta irabaziak izango dituzte eta guk, aldiz, soldaten galera".
2013an eta 2014an greba mugagabeak egin zituzten langileek eta ez dute bide hori baztertzen
Horrez gain, udako ordutegi aldaketak mahairatu dituzte. "Guk labeekin lan egiten dugu eta tenperaturak oso altuak dira. Udan bero kolpeak daude eta arriskutsua da arratsaldez behar egitea 40 gradu baino gehiagorekin. Horregatik, proposatu dugu udan goizeko txandan lan egitea, 06:00etatik eguerdira arte. Ez du kostu ekonomikorik ez ezer, baina zuzendaritzak ez du nahi", aipatu diote iturri sindikalek Aiaraldea Komunikabideari.
Lehen mobilizazioa
Elkarrizketek emaitzarik utzi ez dutenez, beharginek elkarretaratzea egin dute jadanik, eta akordiorik lortzen ez badute, ez dute baztertzen lanuzteak edota greba antolatzea.
Greba mugagabeak
Deguisako langileek bi greba mugagabe egin zituzten aurreko hamarkadan. 2013an zuzendaritzak soldata murrizketak egin nahi zituelako eta 2014an lan hitzarmenaren alde. Aipatu beharra dago 2013an euren helburuak lortu zituztela eta soldatak mantentzea lortu zutela.
Deguisa
Deguisa konpainia Saratxon kokatuta dago eta erabilpen industrialerako produktuak ekoizten dituzte, bereziki, altzairutegi eta beira ekoizteko labeei. Egun, bulego eta lantegiaren artean 54 beharginek osatzen dute taldea.