Gizon bat atxilotu du Guardia Zibilak Amurrion, hildako bi agenteren kontura sare sozialetan barre egitea egotzita

Txabi Alvarado Bañares 2025ko ots. 13a, 11:19

Laudioko Guardia Zibilaren kuartelera eraman dute atxilotua. / Guardia Zibila

"Polizia hila, baratzerako ongarririk onena" idatzi zuen atxilotuak sare sozialetan, eta lau milioi jarraitzaile baino gehiago ditu bere profilak, Guardia Zibilak azaldu duenez. 

Gizon bat atxilotu du Guardia Zibilak Amurrion, sare sozialetan mezu iraingarriak argitaratzea egotzita. EFE agentziak azaldu duenez, Guardia Zibileko bi agenteren heriotzaz barre egitea leporatu diote atxiloturari. Ez dute zehaztu zer sare sozialetan egin zituen adierazpenak, baina nabarmendu dute 4 milioi jarraitzaile baino gehiago zituen kontu batean egin zituela.

4 milioi jarraitzaile baino gehiago zituen kontu batean egin zuen atxilotuak iruzkina, Guardia Zibilak nabarmendu duenez.

Institutu armatu espainiarrak zehaztu duenez, 2024ko martxoan jazotako gertakari bati lotuta dago atxiloketa. Hilabete horretan Guardia Zibileko bi agente hil ziren AP-4 errepidean, Los Palacios (Sevilla) parean, kamioi batek harrapatuta. Ezbehar horren harira, honakoa idaztea egotzi diote atxilotuari: "Polizia hila, baratzerako ongarririk onena".

Ikerketa, "dei anonimo baten bidez"

Maiatzean abiatu zuten ikerketa, iruzkin hori salatzen zuen dei anonimo bat jaso ostean Castellóko (Valentzia) Guardia Zibilaren kuartelean. Ikertzaileek sare sozialaren profilaren titularraren benetako nortasuna ikertu zuten, eta Amurrion topatu zuten. 

Azaldu dutenez, Amurrioko epaitegiaren esku utzi dute kasua. Irain delitua egotzi diote atxilotuari.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide