ANALISIA

Aiaraldean bost lagun salatu ditu poliziak 2014tik sare sozialetan mezuak zabaltzeagatik, eta bat espetxeratu

Aitor Aspuru Saez 2025ko ots. 13a, 17:00

Alfredo Remirezen espetxeratzearen kontrako ekitaldia.

Gaurko atxilotuarekin bost dira jadanik poliziaren edo epaitegien esku geratu diren aiaraldearrak sare sozialetan euren iritzia plazaratzeagatik. Horietako bat, Alfredo Remirez, urtebetez egon zen kartzelan.

Gaur atxiloketa berria gertatu da Aiaraldean sare sozialetan iritziak zabaltzeagatik. Hain zuzen, Amurrion izan da eta bi guardia zibilen heriotzaren harira iruzkin iraingarria egitea leporatu diote bizilagunari.

Dena den, gaurkoa ez da izan lehen aldia Guardia Zibilak norbait atxilotzen duela eskualdean antzeko delituak leporatuta. Berez, hiru lagun gehiago egon ziren institutu armatuaren esku 2014an, 2015ean eta 2016an, 'Araña operazioaren' barruan, eta horietako bat, Alfredo Remirez, urtebetez espetxeratu zuten eta sakabanaketa politika ere pairatu zuen.

Horrez gain, aipatu beharra dago Juanjo Basterra kazetariak ere deklaratu behar izan zuela Amurrioko epaitegian Auzitegi Nazionalak deituta 2015ean.

Ikuskizuna

Arestian aipatutako hiru lagunak (Juanjo Basterra kenduta) hedabideetan agertu ziren atxiloketen egun berean eta euren kasuek isla zabala izan zuten.

Horietako batek Aiaraldea Komunikabideari azaldu dionez, "atxiloketek ez dute zentzurik, finean, etxera eskutitz bat bidalita helburu bera bete dezakete, salatu dizutela informatzea, alegia". Herritar horren aburuz, "bilatzen dutena da ikuskizuna, beldurra sortzea eta propaganda".

2014 eta 2016 urteen artean salatutako aiaraldearrei terrorismoa goratzea leporatu zieten

Atxiloketa horien testuingurua azaltzea garrantzitsua da. Izan ere, PP alderdiak zuen Gobernua garai hartan eta Barne Ministerioan Jorge Fernandez Diaz zegoen, zeinak terrorismoaren gaia politikaren lerrora eramaten saiatu zen behin baino gehiagotan eta independentismoaren kontrako hainbat operazio abiatu zituen (2017ko urrikoa izan zen agian ospetsuena, independentziari buruzko galdeketan) eta, oro har, edozein disidentzia ezkertiarren kontrako neurriak hartu zituen (Mozal Legea bultzatuta, adibidez).

Terrorismoa goratzea

Aiaraldean 2014 eta 2016 urteen artean salatutako herritar guztiei terrorismoa goratzea egotzi zieten eta horietako hiru 'Araña operazioaren' ondorioz izan ziren.

"Araña operazioak Espainiako Estatuan eragindako 77 salaketetatik hiru izan ziren Aiaraldean"

Nabarmendu beharra dago 77 izan zirela Espainiako Estatuan guztira sarekada horietan erori zirenak. Hau da, ikertuen %3,89 Aiaraldekoak ziren eta bi Amurriokoak, gainera. Kontuan hartuta estatuak 46,5 milioi biztanle zituela garai hartan eta eskualdeak ez zituela ezta 40.000 lagun, operazio horien oihartzuna izugarri handia izan zen hemen.

Desagertutako delitua?

2021ean Pablo Hasel rap abeslariaren kontrako epai irmoaren ondoren, PSOEren gobernuak iragarri zuen zenbait iritzi delitu kentzeko erreforma egingo zuela kode penalean, baina ez da horrela izan eta sentimendu erlijiosoen kontrako delituak, adibidez, oraindik existitzen dira. 

2022an Unidas Podemosek ekimena abiatu zuen terrorismoa goratzearen delitua desagertzeko. Aurrera egin ez bazuen ere, Espainiako Fiskaltzak onartu zuen 2023an ETA zein GRAPO desagertu ondoren, ezinezkoa zela indarrean jartzea kasu horietan (jihadismoaren kasuan mantendu dira). Hau da, agerian utzi zuten ez zutela zentzurik Alfredo Remirezen espetxealdiak ezta gainerako herritarren ibilbide judizialak ere.

Joera berriak

Amurrion izandako atxiloketak erakutsi duen moduan, sare sozialetako iritzi delituen kontrako jarduera ez da eten, baina bestelako itxura hartu du. Azken kasu honetan, Guardia Zibilaren kontrako irainak izan dira akusazioaren muina eta bestelako jarduerak, iritzia bera gainditzen dutenak, ere daude poliziaren jomugan.

Azpimarratu beharra dago 2024an buru osasun arazoak zituzten herritarrak iraintzen zituen gizona arrastatu zutela, baita Ione Belarra Podemoseko kidea sare sozialen bidez mehatxatu zuen gizonezkoa ere.

Horietaz gain, ez da ahaztu behar talde erlijiosoek (Abogados Cristianos bezalakoek) ez dutela eten euren salaketa kanpaina hedabideen kontra.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide