Tubos Reunidos konpainiako zuzendaritzak eta enpresa batzordeko gehiengoak (UGTk, CCOOk eta LABek) akordioa sinatu dute lan harremana arautzeko "solerako" labearen konponketak iraun bitartean. Izan ere, azpiegitura hori itzalita dago igandetik.
Enpresak enplegua erregulatzeko indarrezko espedientea abiatzea mahairatu zuen ostiralean izandako bileran eta proposamena egin zien sindikatuei. Langile erakundeen gehiengoak beste proposamen bat egin zuen atzo eta gaur sinatu dute, negoziatu ondoren.
Dokumentuak eragingo die labearen ondorioz lan egiten ez dutenei, zehazki, otsailaren 16ko gaueko txandatik 22ko arratsaldeko txandara arte. Adostutako agiriaren arabera, beharrean ez dauden langileek ordainduzko baimena gozatuko dute, baina egiten ez duten lanaldi erdiak aurrerago berreskuratuko dituzte.
Printzipioz, salbuespen neurri horrek soilik balioko du aste honetarako, labea itzalita dagoen bitartean. Itzaltze tarte hori baliatuko dute azpiegitura konpontzen saiatzeko. Hori lortuko ez balute eta enpresak enplegua erregulatzeko indarrezko espedientea indarrean jarriko balu, langileek ez lukete sortutako lanaldi horiek berreskuratzeko beharrik izango.
Konponketa labean
Gaurko bileran Tubos Reunidos konpainiako arduradunek azaldu diete sindikatuei topatu dutela interferentzia bat "solera" eta hormen artean eta azpiegituraren geometria aldatuko dutela hori konpontzeko.
Desadostasuna
ELA eta ESK sindikatuek ez dute bat egin gehiengoaren iritziarekin. Euren ustez, aurrekari arriskutsua da lanaldien banaketa irregularra ahalbidetzea, 2012ko grebarekin lortu baitzuten hori ekiditea.