
Urriaren 13ko esperientziaren ostean, mendi ibilaldi berria egingo dute Asaltamontes Female eta Amurrio Trail taldeek martxoaren 9an, 9:30ean Juan Urrutia plazatik abiatuta. 10 kilometroko ibilbidea prestatu dute Babio eta Burubio mendiak zeharkatzeko eta, garrantzitsuena, emakumezkoen artean egiteko.
Izan ere, egitasmoaren xedea da emakumeen artean kirola eta elkar-ezagutza sustatzea, geroago euren kabuz jarraitu dezaten jarduerarekin.
Hainbat aukera eskainiko dituzte horretarako. "Taldetxoak egongo dira eta bakoitzak berezko erritmoa izango du. Emakume guztiontzako tokia egongo da, nahi duenak korrika edo ibiltzen egin dezan ibilbidea", aipatu du Amurrio Trailek.
Hornidura puntuak jarriko dituzte bidean eta izena emateko aukera dago hemen, doakoa da.
Iazko urrian izan zen ekimenaren lehen edizioa eta modu positiboan baloratu zuten, 55 emakume inguruk parte hartu baitzuten.