
Hunkituta eta emaitzarekin harro agertu da Endika Diaz argazkilari amurrioarra Arde la niebla erakusketaren inaugurazioan. Urduñako mendatean 1962an jazotako trafiko istripu larria du hizpide lanak. Diazek memoria ariketa sakona burutu du irudien bidez. Orain, Amurrioko La Casonan gorpuztu du lan guzti hori, Andere Larrinagaren laguntzari esker.
Inaugurazioak ikusmira handia sortu du, eta dozenaka lagun hurbildu dira La Casonara Diazen eta Larrinagaren azalpenak bertatik bertara entzuteko. Martxoaren 27ra arte egongo da ikusgai erakusketa, larunbat eta igande goizak barne. Endika Diazek berak zenbait asteburutan bisita gidatuak eskainiko dituela jakinarazi du.