2023an baino txarrago, baina ondo hala ere. Horrela laburbildu daiteke Tubos Reunidosek iaz lortutako emaitza ekonomikoa. Amurrioko multinazionalak 28,6 milioi euro irabazi zituen 2024an, aurreko urtean baino %49,4 gutxiago.
Hala ere, emaitza positiboekin amaitu zuen hirugarren urtez jarraian. Kontuan hartu behar da enpresak 112 milioi euroko mailegua jaso zuela SEPIren partetik, eta hori funtsezkoa izan dela bere finantza sistema osoa berregituratzeko.
Enpresak aipatu du zorra murriztu zuela 2024ko urtarrilean, enkante prozesu baten bidez, eta hori berebizikoa izan dela emaitza positiboa aurkezterako orduan. Multinazionalaren aburuz, jaitsiera egon da 2024an salmentetan zein prezioetan eta, ondorioz, bestelako neurri batzuk jarri dituzte martxan: gastuak mantentzea, ekoizpenak eraginkortzea edota lehengaien eta energiaren kostuak leuntzea, besteak beste.
Trumpen politikak hizpide
2025ari begira, konpainiak aipatu du 144 milioi eurotan baloratutako eskaera-zorroa duela, aurreko urtekoa baino %44 handiagoa. Hala ere, zuzendaritzak uste du "azken urteetako ezegonkortasunak" eragina izango duela aurtengo jardunean ere, eta horri gehituko zaizkiola "Trumpen administrazioaren muga-zergen politikak".
Dena den, Tubos Reunidos ez da ezkor agertu Estatu Batuetako politika ekonomiko berriarekiko. "Politika horren helburua da energia-iturri autoktonoen ekoizpena erraztea eta esportazioak handitzea, gas naturalarenak batez ere. Neurri horien ondorioz, soldadurarik gabeko altzairuzko hodien eskaera handiagoa izan beharko litzateke", azaldu du multinazionalak.
Muga zergen efektuak, aldiz, "erronka" bat izango dira, baina enpresak uste du jada dituen eskaerekin aurre egin ahalko diela, eta gogorarazi du baduela lantegi bat Estatu Batuetan, eta baita "bezeroen konfiantza" ere.