Berrikuntzak sartu dituzte Amurrioko adinekoentzako etxebizitza komunitarioa kudeatzeko hitzarmen berrian. Amurrioko Udalaren eta Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen artean sinatu dute lankidetza-akordioa, zortzi pertsonentzako tokia duen bizitokiaren funtzionamendua bideratzeko.
Amurrioko Udalak kudeatzen du zentroa, Foru Aldundiak emandako diruaren bidez. Aurten 245.709,16 euro bideratuko dituzte zeregin horretara. Modu horretan, hobetu egin nahi dute “eguneko 24 orduetan eskaintzen den zerbitzua”, gaueko arreta eskainiz “intentsitate ertaineko edo handiko ikuskapena behar duten pertsonentzat”.
“Zerbitzuaren kalitatea hobetzea” da, hain zuzen, hitzarmen berriaren xedea, “baliabideak optimizatuz eta erabiltzaile bakoitzaren errespetuan, hurbiltasunean eta ongizatean oinarritutako arreta pertsonalizatua ziurtatuz”.
Hala azaldu du Laura Fernandezek. Gizarte Ekintza eta Osasun zinegotziak nabarmendu du udal-baliabideak indartzen jarraitu nahi dutela, “Amurrioko pertsona guztien duintasuna eta bizi-kalitatea erraztuko duten arreta-ereduen alde eginez”.
Amurrioko Emakumeon* Sareak hainbat bilera egin ditu azken urtean Udalarekin, tokiko erakundearen esku dauden zaintza azpiegiturak (etxebizitza-komunitario zein Eguneko Arretarako Landa Zentroa) publifikatzea eskatzeko.