Arrakastatsua izan da Kuskua elkarteak Autismo Aiararen alde antolatutako elkartasun gala. Amurrio Antzokia jendez bete zen atzo udalerriko hainbat dantzari eta musikarik eskainitako emanaldian, eta 1.600 euro baino gehiago bildu zituzten sarreren bidez.
Autismo Aiarako kideek hartu zuten hitza ekitaldiaren hasieran, jasotako babesa eskertzeko. Izan ere, elkarte horretara bideratuko dute bildutako diru guztia, pertsona autistek behar dituzten ikastaro eta tailerrak finantzatzeko, zerbitzu horiek gabe geratu baitziren iazko udazkenean.
Teresa Lafraguak egin zituen aurkezle lanak, eta dozenaka dantzari eta musikarik hartu zuten eszenatokia jarraian, bata bestearen atzetik. Modu horretan, flamenkoa, dantza klasikoa edota koreografia modernoak uztartu zituzten ikuskizunean zehar. Horrez gain, bakarrizketatzaile bat eta abeslari bat ere igo ziren oholtzara.
Honakoa ez da Kuskua elkarteko kideek antolatzen duten lehen elkartasun gala. Iragan azaroan antzeko beste ekimen jendetsu bat egin zuten San Jose auzoan. Kasu horretan, Valentziara bideratu zuten bildutako dirua, bertako uholdeek kaltetutako pertsonei laguntzeko.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!