
Zuk eginikoa da aurtengo Otxomaio jaietako kartela. Denbora asko daramatzazu horrelako lehiaketetan parte hartzen?
Lehen ez nuen denborarik, nire lana eta egoera familiarra zela eta. Gauza hauek denbora asko eskatzen dute, eta ni gaueko hamaiketan iristen nintzen etxera. 30 urte daramatzat Amurrioko Arte Eskolan irakasle, eta ikasleak askotan aurkeztu dira lehiaketetara.
Nire amak endekapenezko gaixotasuna zeukan. Behin berarekin nengoen lehiaketetara aurkeztu ziren ikasleez hitz egiten, eta une batean galdetu zidan ea noiz jarriko nuen nire burua balioan. Hil zenean denbora gehiago izaten hasi nintzen eta pentsatu nuen: “Ze arraio!”. Eta lehiaketara aurkezten hasi nintzen, baina ondo pasatzeko helburu hutsarekin.
Zure sormen prozesua berrartu duzu, beraz.
Bai. Duela hogei urte inguru Bilboko diseinu estudio batean egin nuen lan, eta asko gustatzen zitzaidan. Baina utzi nuen, harik eta berriro hartu nuen arte.
Ez zaizkit lehiaketak gustatzen, ez zait gustatzen nola dauden planteatuta. Epaimahaiak askotan ez dira aproposenak eta askotan ospe ona kentzen diote diseinuari. Nik dibertitzeko egin nuen. Parte hartzeari ekin nion, eta baita irabazteari ere. Nire lagunek txantxetan esaten zidaten: “Laudion irabazi duzu, Amurrion, bi aldiz Ugaon… Urduña baino ez zaizu falta”.
"Nire lagunek txantxetan esaten zidaten: 'Laudion irabazi duzu, Amurrion, bi aldiz Ugaon… Urduña baino ez zaizu falta'"
Niri betidanik gustatu zaizkit otxomaioak, onenak iruditzen zaizkit. Bi lagunekin joan nintzen igande goiz batean Urduñara, pote bat hartzera. Museora joan nintzen paperezko jantzien erakusketa bat ikustera eta ateratzean ikusi nuen Bihotza. Arreta deitu zidan eta argazkiak egin nizkion. Nire lagunak esan zidan: “Argazkiak egiten zaude lehiaketan parte hartuko duzulako, ez?”. Nik ezetz esan nion, ez nuelako denborarik.
Baina hurrengo egunean lehiaketaren oinarriak bidali zizkidan, xaxatzeko. Eta pentsatu nuen: “Zer arraio, parte hartuko dut”.
Eta, egia esan, oso gustura egon nintzen marrazten. Jaiak ezagutzen ez badituzu blokeatuta geratu zaitezke sormen prozesuan, eta zeozer oso mekanikoa egiten amaitu dezakezu. Baina kasu hau ez zen horrelakoa izan, hasieratik bukaerara egin nuen.
Aurreko urteetako kartelak kontsultatu nituen eta ikusi nuen Bihotza zela protagonista, txapela jarrita zuela. Orduan, pertsonaia hori animatzea erabaki nuen. Beste aurpegi bat jarri nion, keinua, kapela magia egiten egongo balitz bezala jarrita, jaien magia barrutik ateratzeko. Urduñako beste elementu batzuekin ere ezaugarritu nuen, zikoina kasu. Beste kartel batzuetan zikoinak protagonismo handia izan du, eta nik pentsatu nuen hegazti hori badela Urduñako protagonistetako bat, baina ez jaiena. Horregatik, agertu egiten da, baina ez elementu nagusi moduan.
Asko landu nuen kartela, baina gozatuz. Ikusi nuen emaitza txukuna zela, baina lehiaketa batean ez dakizu zer aterako den. Irabazi nuenean ilusio asko egin zidan, gogoko ditudalako jai horiek.
Ilusio asko egin didan beste gauza bat da Urduñako ezagunek esan didatela asko gustatu zaiela, identifikatuak sentitu direla. Saria ez zen motibatzen ninduen zerbait, baina aitortza bai, are gehiago urduñarren eskutik etorri denean. Egon da nire telefonoa eskuratu eta zoriontzeko deitu nauen jendea. Oso eskertuta eta pozik nago.
"Egon da nire telefonoa eskuratu eta zoriontzeko deitu nauen jendea. Oso eskertuta eta pozik nago"
Oso jai bereziak izango dira aurtengoak, beraz.
Aurreko asteburuan joango nintzen, baina tripako minekin jarri nintzen eta ez nuen aukerarik izan. Dena den, badut bisita bat egiteko asmoa bigarren asteburu honetan, hori ziur.
Zuk eginiko kartelek badute estilo nahiko bereizgarria. Betidanik izan duzun marrazteko modua da edo azken urte hauetan garatu duzu?
Klaseak ematen ditudanez estilo asko maneiatzen ditut, oso eklektikoa naiz. Nire sorkuntza propioak egiten ditudanean badut estilo bat gutxi gorabehera finkatuta, baina hainbat gauza baliatzen ditut kartel guztiak estilo berdinekoak ez izateko. Askotan merkantilismo asko dago diseinugintzan, ni askoz gehiago mugitzen naiz alde artistikoan, agian nire ogibidea ez delako.
Eskuz egiten ditut hainbat zirriborro. Ideia jada garatua dudanean pasatzen naiz ordenagailura, bertan erabat lantzeko. Baina, ordenagailuan ere, oso modu manualean egiten dut lan.
Ibilbide oparoa egin duzu azken urte hauetan. Pozik zaude emaitzarekin?
Pozik baino gehiago. Dibertitzeko egiten dut. Hein batean, nire bizitza guztiak naiz horrelakoa. 30 urte baino gehiago daramatzat klaseak ematen eta beti esan dut ondo pasatzeari uzten diodan unean utziko diodala marrazteari.
Ez nuen horrenbeste txapelketa irabaztea espero. Baina egia da denbora asko kentzen didala, nire denbora librean egiten dudalako: gauetan, larunbatetan…
Denbora kentzen dizu, baina zer ematen dizu marrazketak?
Erlaxatzen laguntzen dit, eta beste kezka batzuk albo batera uzten.
Ipuinak ere ilustratu ditut. Lagun bat nuen istorioak idazten zituena, eta ni arduratzen nintzen ilustrazioez. Baina iaz zendu zen, eta horregatik momentuz ez dut horretaz gehiago jakin nahi. Horrez gain, une honetan argazki erakusketa bat dut Amurrio Antzokian, nire ikasleekin eginikoa. Banoa gauzak egiten, denbora uzten didan heinean.
Bulkadaka egiten dut lan. Buruan sartu ahal zait ez dudalako berriro inon kartelik aurkeztuko, eta gero norbait etortzea proposamen batekin xaxatzen eta berriro horretan jartzea.