Larragorriko zentral eolikoa eraikitzeko baimena eman du Eusko Jaurlaritzak eta proiektua gelditzeko eskumena Laudio, Amurrio eta Orozko Udalen eskuetan geratu da

Aitor Aspuru Saez 2025ko mai. 12a, 10:30

Tokiko erakunde eta taldeen artean aurkakotasuna pizten du zentralak. / Aiaraldea.eus

Green Capital Development enpresak bi urte izango ditu proiektua egikaritzeko, baina aurretik jarduera edota obra udal baimenak eskuratu beharko ditu.

Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak adierazi du aurretiko baimena eman diola Larragorriko zentral eolikoari. 200 metroko altuera duten bost aerosorgailu instalatu nahi ditu Green Capital Development konpainiak mendietan.

Erakundeak bi urteko epea eman dio enpresari, baina aitortzen du beste instituzioen baimenak ere lortu behar dituela: "Baimen hau obra egiteko beharrezkoak diren baimen, lizentzia eta baimenetatik aparte ematen da, baita aldi bereko xedapen aplikagarrien ondoriozkoetatik aparte ere".

Udalen esku proiektua gelditzea

Horrek esan nahi du Green Capitalek Laudio, Amurrio eta Orozkoko Udalen obra eta jarduera baimenak eskuratu beharko dituela. Eusko Jaurlaritzaren aurretiko baimenak jasotzen duenez, hirurek adierazi dute aurkakotasuna arrazoi anitz direla medio: udal-plangintzarekin eta lurraldea antolatzeko tresnekin bateraezintasuna, erakundearen mendeko ondasunei eragindako afekzioak, HAPOk debekatzen dituen etxolen eraikuntza...

Bizkaiko Foru Aldundiko bi Sail aurka

Dena dela, tokiko erakundeak ez dira kontrakotasuna azaleratu duten instituzio bakarrak. Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumenaren Kalitatearen Zerbitzuak, hainbat gogoeta egin ondoren, ondorioztatu du proiektua nabarmen bideraezina dela ingurumen-arrazoiengatik eta, beraz, aurkako txostena plazaratu du.

Bizkaiko Foru Aldundiko Natura Ondarearen Zerbitzuak, aldiz, txosten espezifikoa bidali du, Euskal Autonomia Erkidegoan intereseko hegazti nekrofagoak kudeatzeko planari buruzkoa (BFAren 83/2015 Foru Dekretua). Txosten horretan, parke eolikoak espezie mehatxatuetan (sai zuria, karramarro iberiarra eta miru gorria) duen eraginari buruzko gogoetak egiten ditu, eta ondorioztatu du zaila dela bioaniztasuna babestea eta, aldi berean, proiektu horren aurreko administrazio-baimena ematea.

Aiaraldeko Mendiak Bizirik

Aiaraldeko Mendiak Bizirik plataformak (hainbat alegazio sustatu dituen taldeak) bere harridura adierazi du Eusko Jaurlaritzaren erabakiaren aurrean. Hain zuzen, ulertezina iruditzen zaio baimena ematea adostasunik ez dagoela jakinda eta egitasmoa bertan behera uzteko ardura udalen esku utzita.

Edonola ere, gaur argitaratutako erabakia aurretik iragarritakoaren jarraipena baino ez da. 

Berriztagarrien Sektore Plana

Eusko Jaurlaritzak gaur argitaratutako agirian argitutako puntu bat bada Berriztagarrien Sektore Plana. Izan ere, Aiaraldeko Mendiak Bizirik-ek eta hainbat udalek behin eta berriro azpimarratu dute Larragorriko zentrala ez zegoela dokumentu horretan jasota.

Jaurlaritzak aitortzen du proiektua ez dagoela plan horretan; baina, bost aerosorgailu baino ez direnez, ez omen da beharrezkoa eta ohiko prozedura jarraitu behar du.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide