Larragorri-Jesuriko zentral eolikoa eraikitzeko baimena eman du Eusko Jaurlaritzak, baina ziurgabetasunak jarraitzen du proiektuaren inguruan

Aitor Aspuru Saez 2025ko mar. 24a, 17:11

Orozkon, Laudion eta Amurrion eragiten du zentral eolikoak.

Industria, Trantsizio eta Jasangarritasunaren Sailaren oniritzia jaso du Green Capital Developement enpresak, baina oraindik baimen gehiago behar ditu eta proiektu osoa zalantza juridiko askoren artean dago.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak gaur jakinarazi du Larragorri-Jesurin kokatu nahi duten zentral eolikoari baimena eman diola Eusko Jaurlaritzak. Berez, Green Capital Developement enpresa pribatua da egitasmoaren bultzatzailea eta, zehazki, 200 metroko altuera duten bost aerosorgailu instalatu nahi ditu.

Gauzak horrela, Industria, Trantsizio eta Jasangarritasunaren Sailak ontzat eman du enpresak egindako ingurumen inpaktu txostena. Administrazioaren ustez, ez du kalterik eragingo, zenbait aldaketa eginda betiere.

Aiaraldeko hainbat herritarren eta tokiko erakundeen iritzia, ordea, bestelakoa da, eta alegazioetan islatu dute. Halaber, aipatu beharra dago, adibidez, Laudioko Udalak ekimena bertan behera geratzea exijitu zuela eta Orozkoko Udalak ere antzeko adierazpenak egin dituela behin baino gehiagotan.

Esaterako, 2023an Aitor Iza alkateak honako hau esan zion Aiaraldea Komunikabideari: "Gu aurka egongo gara. Ez dugu egingo herriak nahi ez duena, jakinda hori Europak baldintzatzen duela. Edonola ere, defendatuko gara, herriak ez baititu nahi proiektu horiek. Energia berriztagarrien alde gaude, baina arazo konplexua da. Egindako lehen gauzen artean, alegia, Aialurrekin prestatutako alegazioak egon ziren, Energia Berriztagarrien Sektore Planaren kontra".

Jarrera hori ez da berria. Aurreko udal gobernu taldeak zentralaren kontra zegoela argitu zuen eta gogoratu beharra dago duela hamalau urte Jesuriko zentralaren inguruko herri galdeketa egin zutela eta herritar ia guztiek bozkatu zutela aurka

"Eskumenen inbasioa"

Aiaraldeko Mendiak Bizirik plataformak kritikatu du Eusko Jaurlaritzaren jarrera inposizioan oinarritzen dela, Udalen eskumenak inbadituta: "Inplikatutako herrietako udalek jakinarazi dute aerosorgailuak kokatuko diren lurrak hirigintza-babes berezi gisa sailkatuta daudela. Hala eta guztiz ere, ebazpenak funtsezko udal-eskumenak urratzen ditu, hala nola jarduera sailkatuaren lizentziak izapidetzea eta instalazioen baimena, jarraipena eta kontrola. Gainera, Jarraipen Batzorde bat ezartzen da, Laudioko eta Orozkoko udalerrien ordezkaritza baztertzen duena, eta ez ditu kontuan hartzen gainbegiratze- eta kontrol-arloan dituzten eskumenak"

Orozko zein Laudioko udalak behin baino gehiagotan azaldu dira proiektuaren aurka.

Zalantza juridikoak eta politikoak

Eusko Jaurlaritzaren baimena jasota ere, Green Capital Developement enpresak lizentzia eta baimen gehiago eskuratu behar ditu eta horregatik da garrantzitsua udalen jarrera, eurek eman behar baitizkiote. 

Laudioko Udalak, esaterako, duela urtebete aurkeztutako alegazioetan azaldu zuen Larragorri parke eolikoa bateraezina dela bere hirigintza-plangintzarekin eta lurraldea antolatzeko tresnekin, horien babes- edo berreskuratze-printzipioek debekatzen dutelako babes bereziko eremuetan horrelako instalazioak jartzea.

Hain zuzen, Aiaraldeko Mendiak Bizirik plataformak salatu du babes bereziko eremuan eragiten duela zentral eolikoak.

Energia Berriztagarrien Sektore Planean ez dute jaso

Aiaraldeko Mendiak Bizirikek azpimarratu du, halaber, Larragorriko proiektua ez dagoela jasota Berriztagarrien Sektore Planean eta, are gehiago, kokapena ez dagoela Eusko Jaurlaritzak adierazitako toki hautatuen artean.

Hori gutxi balitz, Berriztagarrien Sektore Plana ez dago onartuta eta, ondorioz, indarrean dagoen araudiaren menpe dago proiektua. Plataformak adierazi duenez, "egungo arauekin ez da bateragarria egitasmoa".

Dena den, plataformak erantsi du Eusko Jaurlaritzak aldaketak egin ahal dituela oraindik Larragorriko zentral eolikoa txertatzeko, Energia Berriztagarrien Sektore Plana oraindik onartu ez delako. Hala ere, oraindik ez da halakorik gertatu, adierazi dutenez.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide