Amurrion egin nahi zuten etxegabetzea burutu gabe itzuli dira Granadara AMA Desokupa enpresako kideak. Hala jakinarazi du Airaldeko Greba Batzordeak (SOS Aiaraldea) sare sozialen bidez, enpresa horretako buruak Instagramen partekatutako story formatuko mezu bat erakutsita:
✈️ Etorri ziren tokitik itzuli dira Amurrioko familia bat etxegabetu nahi zuten AMA Desokupako matoiak, herri erantzunari esker
— Aiaraldeko Greba Batzordea (@AiaraldeaGreba) May 18, 2025
Los matones de AMA Desokupa se han largado por donde vinieron, gracias a la respuesta popular
¡Hasta nunca, fascistas! 👋👋 pic.twitter.com/AD0WlcNNrj
Mezu horretan, Angela Mendoza (AMA Desokupako burua) agertzen da Loiuko aireportuan. Mendozak aipatzen du "egoera zail eta konplexuak" bizi izan dituztela Aiaraldean eginiko egonaldian, eta erreferentzia zuzena egiten dio euren presentziaren aurka garatutako kanpainari: "Eskerrik asko mehatxatzen gaituzuen pertsona horiei guztiei (gutxiengoa zaretela), epaitzen gaituzuenak eta gure aurkako gorroto delituak egiten dituzuenak, gure irudiak plazaratzen eta hiria papereztatzen, ikusten gaituztenean WhatsApp bidez abisua pasa dezaten... eskerrik asko zeren, zuek jakin gabe, indartsuagoak bilakatzen gaituzue".
Hain zuzen, Aiaraldeko Greba Batzordeak jarri zuen indarrean abisuak jasotzeko telefono zenbakia, desokupazio enpresaren presentzia salatu bezain laster. Gauzak hala, plataformako kideek nabarmendu dute "herri erantzunari esker" joan dela AMA Desokupa "etorri zen toki beretik".
Eskualdeko batzarra bihar
Hala ere, biharko deitutako "eskualdeko asanblada" mantentzea erabaki dute Greba Batzordeko kideek, desokupazio enpresen presentzia salatzen jarraitzeko. 19:00etan izango da zita Mendiko Lagunaken egoitzan.