Lan heriotzak ez normalizatzeko deia zabaldu du Aiaraldeko Greba Batzordeak

Aimar Gutierrez Bidarte 2025ko mai. 28a, 20:22

None
None
None
None
None
None
None
None

Dozenaka lagun elkartu dira gaur arratsaldean Aiaraldeko Greba Batzordeak (SOS Aiaraldea) Tubos Reunidoseko lan heriotza salatzeko deitutako mobilizazioan. Laneko heriotzen "odolustea" salatu eta egoera ez normalizatzeko deia luzatu dute.

Tubos Reunidoseko langileek goizean egin bezala, herritarrek ere salatu dute atzo hodi fabrikan jazotako lan heriotza. Aiaraldeko Greba Batzordeak deituta dozenaka lagun elkartu dira gaur arratsaldean Amurrioko Juan Urrutia enparantzan.

Atzo Amurrioko lantegian bizia galdutako behargina ez ezik, gogora ekarri dituzte ere azken 24 ordutan Euskal Herrian lanpostuan zendu diren beste bi pertsonak: AHTren lanetan bata, Andosillan bigarrena.

Halaber, gogor deitoratu dute azken hamar urteetan "gutxienez eskualdeko 17 langile" hil izana lanean ari zirela. Heriotza horiek "erailketak" dira Greba Batzordeko kideentzat. "Kasu gehienetan duinak ez diren egoeretan lan egitean gertatzen dira, horregatik diogu prekarietateak hiltzen gaituela eta neurriak hartu beharra dagoela. Ez gara lanean hiltzen, lan baldintzek hiltzen gaituzte", azpimarratu dute.

Administrazio publikoei ere neurriak exijitu dizkiote: "badakigu administrazio publikoek jarduteko eta hildakoen urteko odoluste hori iraultzeko gaitasuna dutela, eta hala ere erakunde horiek egoera normalizatu dutela, prebentzioan eta segurtasunean inbertitu beharrean".

Aiaraldeko Greba Batzordeak, kontrara, egoera hauek normalizatu nahi ez dituela aldarrikatu dut gaur arratsaldeko elkarretaratzean: "ezin diegu laneko heriotzei ikusezinarena egin, ezin diogu errealitate horri muzin egin, eta ezin dugu lanean heriotza bakar bat ere normalizatu". 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide