1.735.572 euroko lizitazio berria egin du Arabako Foru Aldundiak Amurrioko adinekoentzako egoitza berritzeko

Aitor Aspuru Saez 2025ko eka. 3a, 15:00

Amurrioko nagusien egoitza.

Aurreko lizitazioan ez zen enpresarik aurkeztu eta Foru erakundeak deialdi berria egin du eraikina handitzeko eta eraberritzeko.

Arabako Foru Aldundiak jakinarazi du Amurrioko San Anton Armuru nagusientzako egoitza berritzeko eta handitzeko obren lizitazio berria prestatu duela, 1.735.572 eurokoa, hain zuzen. Izan ere, aurreko deialdian ez zen enpresarik aurkeztu.

Guztira, %25eko igoera egin dute hasierako kopuruarekin alderatuta, eta  sei hilabeteko epea egongo da gauzatzeko, zuinketa egiaztatzeko akta
formalizatzen den egunetik aurrera. 

Aldundiak azaldu duenez, "gaur egungo egoiliarrek 1990ean zentroa eraiki zenean baino mendekotasun handiagoa dute, mugikortasun arazo gehiago dituzte eta eremu irekiagoak behar dituzte joan-etorriak errazteko".

Langileek eurek salatu dute eraikina ez dagoela egokituta eta ebakuazio arrapala ezinbestekotzat jotzen dutela.

Obraren helburuak

Amurrioko egoitzaren obrak (39 plaza ditu) beheko solairua handituko du hegoaldean.

Horrela, egongela-jangela zabalagoa izango da, eta sarbide nagusiaren ondoan espazio berri bat sortuko dute, bisita gela izateko egungo beharrari erantzuteko.

Era berean, zirkulazio eta komunikazio espazioak berrantolatuko dira, gelei erosotasun eta pribatutasun handiagoa emanez. Sukaldearen eta egongela-jangelaren arteko zuzeneko lotura berreskuratuko dituzte, eta igarobide atari berri bat sortuko da.

Handituko duten zatiaren sabaiari esker, terraza bat sortuko da lehenengo solairuan.

Lekuz aldatu edo egokitu behar diren espazioak berrantolatuko dira, hala nola ile apaindegia eta podologia, errehabilitazio gela, bulegoa eta bilera gela. Beheko solairuan bateratuko dira horiek guztiak.

Gainera, oraingo igogailu hidraulikoaren ordez beste igogailu mekaniko bat jarriko dute, eta beheko solairuko komunak indarreko irisgarritasun araudira egokituko dira. Era berean, eraikinaren eraginkortasun termikoko baldintzak hobetuko dira. Guztira, 300 metro karratukoa izango da handituko duten azalera.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide