Gaur abiatu dute Amurrioko Correos zerbitzuko banatzaileek hiru eguneko greba. Bihar egingo dute bigarren lanuztea, eta astelehenean hirugarrena.
Modu horretan, zerbitzuan ematen ari diren murrizketak salatu nahi dituzte beharginek. Azaldu dutenez, banaketako hiru lanpostutik bi daude hutsik eta, horregatik, dagokiena baino lan zama handiagoa hartu behar dute postariek.
Horren ondorioz, "estresak jota" daude beharginak, eta "istripuren bat edo beste" izatera iritsi dira, azkar batean joan behar direlako autoarekin toki batetik bestera.
Horrek eragina du baita zerbitzuaren kalitatean ere. Langileen hitzetan, gutun asko berandu banatzen dira murrizketa horien ondorioz. Nabarmendu dutenez, egoerak okerrera egingo du udan, oraingo egoerari langileen oporraldiak batuko zaizkiolako.