Arratsalde eta gaueko egitaraua antolatu zuen Aiaraldeko GKSk atzo Amurrion, “Gerraren eta faxismoaren aurka antolatu!” lemapean. Izan ere, gerra eta faxismoa dira “aktualitateko joera nagusiak”, Gazte Koordinadora Sozialistaren aburuz. Hala azaldu dute eskualdeko taldeko kideek: “Alde batetik, oligarkiaren agenda estrategikoa dago, gerra inperialista, eta horrekin datorren estatuen berrarmatze plana, eta austeritate politiketan oinarritzen dena; bestetik, faxismoaren eta eskuin muturraren zein joera erreakzionarioen gorakada dago”.
Azken gai horretan zentratu zuten atzoko egitaraua. Izan ere, faxismoaren eta eskuin muturraren gorakada horren adibide moduan jarri dute azken asteean Amurrion bizitako “desokupazio enpresa faxisten presentzia”. Horregatik, gai hori landu eta "gazte langileek horri aurre egiteko dituzten erronkak" izan zituzten mintzagai atzoko hitzaldian, “sistema kapitalistaren basakeriari aurre egiteko sozialismoaren alde antolatzeko beharra” ere azpimarratuta.
Gazte koordinadorako kideen azaldu dutenez, 40 pertsona egon ziren atzoko solasaldian, eta Ramiro Gomezek hartu zuen hitza bertan, Madrilgo Brigada Antifaxistetako militantea. “Berak, faxisten kaleko presentzia gordinena eta bortitzena zenean, azaldu du nola antolatu zen Madrilen erantzun antifaxista eta zer ondorio politiko atera dituen esperientzia eta garai horretatik”, azaldu dute solasaldiaren antolatzaileek. Euren aburuz, Gomezek esandakoak “oso baliagarriak” izan dira, “jakiteko faxismoari ezin diogula zirrikiturik txikiena era utzi”.
Hitzaldiaren ostean, “sozializaziorako espazio bat” sortu zuten Biderdi tabernan, “komunitatea indartzeko nahiarekin”. Busturialdeko Txoriburu musika taldeak jo zuen bertan, eta DJ Salda Dago arduratu zen gaua luzatzeaz.