Arabako Foru Aldundiak 2024an iragarri zuen Luis de Lezama apaizari emango ziola bere aitortza handiena, Arabako Domina, alegia. Baina aste batzuk beranduago zendu zen lezamarra, urtarrilaren 11n, hain zuzen. Tradizioa jarraiki, Domina San Prudentzion ematea aurreikusita bazuten ere, ekitaldia bertan behera utzi behar izan zuten itzalaldiaren ondorioz. Gauzak horrela, atzo Artium Museoan eman zion Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak domina Lezamako bizilagunari, hil ostean.
Luis de Lezamaren senide batek jaso du saria: "Domina hau esker onarekin eta emozioarekin jasotzen dut. Ziur nago, arabar ona zarenez, izugarri harro sentituko zinatekeela bere lurrak — gaur egun Aldundi honek ordezkatua — aitormen hori, hain maitasunez eta esanahiz betea, emango balio. (...) Domina hau ohore handia da guretzat, pozgarria. Sentitzen dugu Arabak eskerrak eman dizkiola, eta horregatik, guk ere eskerrak eman nahi dizkiogu".
Gonzalezek honakoa azpimarratu zuen bere hitzartzea: "Aita Lezaman gure onena aitortzen dugu: baloreekin hartzeko, sortzeko eta berritzeko dugun gaitasuna". Berez, bazterketa-arriskuan zeuden milaka gazteren gizarteratzearen, duintasunaren eta garapen pertsonalaren alde egindako lan nekaezinagatik aitortu dute.
Berez, Lezama Fundazioa adibide izan da hainbat hamarkadatan Foru Aldundiarentzat, hezkuntzak, gastronomiak eta konpromiso sozialak bizitzak eraldatzeko bat egin dezaketela erakusteko. Ostalaritza-eskolen, prestakuntza-programen eta jantoki sozialen bitartez, Aita Lezamak enplegurako tresnak ez ezik, balioak, ostertza eta duintasuna ere eskaini zizkien gehien behar zutenei, Arabako foru erakundearen ustez.
Luis de Lezamaren ibilbidea
Luis de Lezamak Indautxuko Jesuiten Ikastetxean egin zituen ikasketak eta, gero, Madrilera joan zen Ingeniaritza ikastera. 1955ean Elizbarrutiko Seminarioan sartu zen Teologia eta Filosofia ikasteko, eta 1962an apaiztu zen. Bere lehen parrokian, Chinchonen, langileen eta gazteen egoerak hobetzeko hainbat ekimen bultzatu zituen.
1974an, Madrilen, Alabardero taberna sortu zuen, Lezama Taldearen lehena izango zena, gizarte-ekonomiako enpresa-eredu berritzaile baten abiapuntu.
Lezamak 22 jatetxe sortu ditu, gazteei lan-aukerak eta prestakuntza eskaintzen dietenak. Horien artean, Estatu Batuetan ere badira batzuk, eta bere jaioterrian bertan, Lezaman, Iruraitz baserria eraberritu zuen jatetxe eta landetxe bilakatzeko.
Hezkuntza-proiektuei dagokienez, 1993an Sevillako Ostalaritza Goi Eskola sortu zuen, eta 2007an Ostalaritzako Goi Mailako Ikasketa Irekiak eratu zituen. 2009an, Madrilgo Santa Maria La Blanca ikastetxea sortu zuen, hezkuntza berritzailearen adibide. Lezamaren azken proiektu garrantzitsua Gastronomia eta Turismo Zientzien Unibertsitatea sortzea izan da.
Politikaren munduan ez du bereziki parte hartu nahi izan apaiz lezamarrak, baina Trantsizioan Vicente Enrique Tarancon kardinalaren idazkaria izan zen, eta horrek garrantzia izan zuen Eliza frankismoaren eraginetik bereizteko.