Mirari Gotxik ez du atsedenik izango, ezta ikasturtea amaituta ere. Izan ere, Euskadiko Selekzioak deitu du Espainiako Txirrindularitza Txapelketan parte hartzeko. Granadan izango da lehiaketa larunbat goizean eta, Gotxik argitu duenez, denboraldiaren barruan helburu hau ere bazuen.
Asteburuko erronka, edonola ere, ez da samurra izango. Tenperatura oso altuak aurreikusi dituzte probarako, baina amurrioarrak espero du ordutegia euren alde jokatzea. "8:00etan izango da gure lasterketa eta espero dugu beroak ez jotzea bete-betean", adierazi dio Aiaraldea Komunikabideari.
Talde ona eta aukera guztiak
Gotxiren aburuz, Euskadiko Selekzioak talde ona dauka eta bere xedea garaipena lortzea izan beharko litzateke. "Behin baino ez dugu entrenatu elkarrekin, baina talde txukuna dugu", aipatu du amurrioarrak.
Gauzak horrela, ostegun goizean helduko direnez Granadara, Gotxik espero du egun hori eta hurrengoa baliatzea entrenamenduak egiteko eta zirkuitua ondo ezagutzeko, ibilbidearen puntu garrantzitsuenak bereziki.
Txapelketa horretan parte hartuta, Gotxik jarraituko du bere prestaketan sakontzen, nahiz eta ez den bere lehen aldia izango. Hain zuzen, azken hilabeteetan urrats handiak egin ditu, Movistar taldearekin entrenatuta, besteak beste.