Amurrioko Correoseko bulegoko banatzaileek uste dute zuzendaritzak traizio egin diela eta euren amorrua modu antolatuan islatuko dute. Horrela jakinarazi du CCOO sindikatuak ohar baten bidez.
Langile erakundeak aipatu du haserrearen iturburua dela ekainean hiru eguneko greba egin ondoren, enpresa publikoaren zuzendaritzak hiru konpromiso hartu zituela eta jadanik bi ez dituela bete. Alde batetik, ez du kontrataziorik egin Amurrion falta zen langile baten hutsunea betetzeko. Bestetik, oporretan dauden beharginak ordezkatzeko kontratu berri nahikorik ere ez du egin.
Hori guztia ikusita, sindikatuak zalantzan jarri du enpresak adostutako hirugarren neurria egikarituko duen, hau da, Amurrion dauden beharrak ikertzea eta bideratzea.
Mobilizazioak eta lanuzteak
Gauzak horrela, CCOOk aipatu du protesten egutegi berria osatuko dutela. Izan ere, "zerbitzua modu prekarioan eta bitarteko nahikorik gabe" eskaintzen ari direla azpimarratu dute.
Halaber, salatu dute egungo presidentearekin inoiz baino murrizketa gehiago gertatzen ari direla, nahiz eta Araban diru kopurua bideratzen den kontrataziora. "Ez dakigu zertan eta non gastatzen ari diren", kritikatu du sindikatuak.
Pilota zuzendaritzaren teilatuan utzi dute
Langileek, dena den, azken ate bat utzi dute irekirik mobilizazioak ekiditeko. Zehazki, zuzendaritzak idatziz jasotzen badu kontratazioen konpromisoa eta udan betetzen badu, elkarretaratzeak eta lanuzteak egitea baztertuko dute.