Tubos Reunidoseko enplegu espedientea "azken urteetako produkzio egoerarik onenean" inposatu nahi dutela salatu du ESK sindikatuak

Aitor Aspuru Saez 2025eko uztailaren 14a

ESK eta LAB sindikatuen mobilizazioa, artxibo irudi batean. / Aiaraldea.eus

ESKk azpimarratu du zuzendaritzak soldatak igo dituela, langileen prestazioak murrizten ari diren bitartean. Berez, 2020tik abiatzen duten seigarren espedientea da honakoa.

ESK sindikatuak oharra plazaratu du gogor kritikatzeko Tubos Reunidos enpresan bizitzen ari den egoera. Izan ere, konpainiak aldi baterako erregulazio espediente berria abiatzeko asmoa iragarri die langileen ordezkariei.

Sindikatuak salatu du produktibitatea, lan sistemak eta egutegiak bere gaitasun historiko handienean dituela multinazionalak eta eskaera lan poltsa oso zabala duela. Are gehiago, ESKk aipatu du "duela hilabete gutxi behin-behineko langile asko" kontratatu zituela "eta, gainera, zinismo-hiperbole batean, plantilla 'entrenatzen'" ari dela "'segundoak murrizteko' linea batzuen aldaketetan eta geldialdietan".

ESKk salatu du Tubos Reunidosek behin-behineko langile ugari kontratatu dituela azken hilabeteetan eta ekoizpen linean segundoak murrizteko ahaleginean dagoela.

Gauzak horrela, beharginen antolakundeak argi dauka konpainia modu "ustelean" erabiltzen ari dela enplegua erregulatzeko espedientea. Hain zuzen, "egoera prekarioan dauden enpresetako lanpostuak salbatzera soilik bideratuta egon beharko lukeen tresna" bestelako bi helburuetara bideratzen ari da, ESKren aburuz.

Alde batetik, sindikatuaren ustez, diru irabaziak handitzen saiatzen ari da multinazionala, langabezia prestazioak bere jarduera finantzatzera bideratuz; hau da, bitarteko publikoak zuzendaritzaren eta akziodunen patriketara eramanez. Bestetik, lan hitzarmenean adostutakoa (lanaldi malgutasuna, besteak beste) ez betetzeko baliatzen ari dira espedientea, ESKren aburuz.

Hala azaldu du langile erakundeak: "Milioi askoko irabaziak ditu Tubos Reunidosek 2022tik. 2023an, irabaziak 56,6 milioi eurokoak izan ziren, eta horrek aukera eman dio enpresari bere agintarien soldatak eta bestelako ordainsariak nabarmen hobetzeko, aldi baterako lan-erregulazioekin langileen soldatak ahultzen dituzten bitartean".

Ustelkeria

ESKren iritziz, Tubos Reunidosen gertatzen ari dena "enpresarien ustelkeria" da eta Deloite aholkularitza enpresaren txostenak baliatzen dituzte horretarako. Sindikatuak nabarmendu du Deloite bera ustelkeriagatik zigortu zutela.

Horren kontra egiteko, neurriak hartzea exijitu die langile antolakundeak erakunde publikoei, espedienteen erabilera mugatzeko. Horrez gain, beste sindikatuei ere deia egin die kalean zein epaitegian borrokatzeko.

Zigorra Tubos Reunidosen kontra

Halaber, ESKk gogora ekarri du pasa den astean egin zutela publiko Tubos Reunidosen kontrako epaia, zeinak enpresa zigortu zuen greba eskubidea urratzeagatik, besteak beste.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide