Euskotarrak-eko kideei egokitu zaie aurtengo jaietako ordezkaria nor izango den erabakitzea, eta Iraia Beitia Larrinaga hautatu dute horretarako. Iragan astean egin zuten bilera, eta bertan hartu zuten erabakia, Aiaraldea Komunikabideari jakinarazi diotenez.
60 urte bete ditu jai-talde beteranoak aurten. Egun osoko festa antolatu zuten apirilean hori ospatzeko, eta urteurrena borobiltzeko aukera izango dute orain, jaietako ordezkaria kuadrillako kidea izanda.
Urte bakoitzean jai-talde bati egokitzen zaio jaietako ordezkaria hautatzea. Baina, horrez gain, kuadrilla bakoitzak bere ordezkari propioa ere hautatzen du, eta guztiak igotzen dira balkoira abuztuaren 12ko txupinazoan. Horrez gain, festetako ekitaldi publikoetara ere bertaratzen dira figura publiko moduan (gastronomia txapelketako sariak emateko, adibidez).
Kuadrillek hautatu dituzte dagoeneko zeintzuk izango diren euren ordezkari partikularrak:
- Sendoa Charte Barea (Dantza Lagunak)
- Jone Plaza Ortuzar (Herriarenak)
- Laia Garcia Irabien (Trot-Art)
- Josu Pikaza Lopez (El Boli)
- Maialen Castellano Ortueta (Txabolakoak)
- Izaro Llado Egia (Euskotarrak)
Aiaraldea Komunikabideak elkarrizketak egin dizkie ordezkari horiei guztiei, abuztuaren hasieran plazaratzeko.